Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Andre Mariaren Bisitaldia

Urtean Zehar Jaia B zikloa I urtea
🔍 Bilatu

Jauna izango da Israelgo errege zure erdian.

Egin poz-irrintzi, Siongo uri!

Egin oihu alai, Israel!

Poztu zaitez bihotz-bihotzez,

alaitu, Jerusalem!

Urratu dau Jaunak zure kontrako erabagia,

atzeratuazo ditu zure arerioak.

Jauna, Israelgo erregea, zure erdian dago:

ez dozu gehiago bildurrik izango.

Egun haretan, honan esango deutsoe Jerusalemi:

*Ez izan bildurrik, Sion!

Ez beitez jausi zure eskuak!

Jauna, zure Jainkoa, zure erdian dago salbatzaile indartsu!

Pozaren pozez alaitzen da zugaitik,

bere maitasunez bizibarritzen zaitu.

Pozez saltoka dabil zugaitik,

jaiegunez lez+.

Atarako dozue ura pozik salbamenaren iturrietatik.

R/.

Atarako dozue ura pozik

salbamenaren iturrietatik.

V/.

Bai, Jainkoa dot salbatzaile!

Badot uste on eta ez naz bildur,

Jauna dot-eta indar eta kemen,

ha neure salbazino. R/.

V/.

Atarako dozue ura pozik

salbazinoaren iturrietatik.

«Eskerrak Jaunari, dei egin haren izenari,

iragarri haren egintzak herriei,

aldarrikatu zein bikaina dan haren izena. R/.

V/.

Kanta Jaunari, bikain jokatu dau-eta,

jakin begie honen barri mundu osoan.

Egin poz-irrintzi eta oihu, Siongo bizilagunok,

handikiro dihardu-eta zuen alde Israelgo Santuak». R/.

Bigarren Irakurgaia

Itzulpen ofizialik ez dago oraindik bizkaieraz.

Irakurri gaztelaniaz →

Nondik nire Jaunaren ama nigana etortea?

Aldi haretan, Maria jagi eta bizi-bizi mendi aldera joan zan, Judeako herri batera, eta, Zakariasen etxean sarturik, Elisabeti agur egin eutsan.

Elisabeti, Mariaren agurra entzun eban orduko, salto egin eutsan umeak sabelean. Elisabet Espiritu Santuaz bete zan, eta esan eban oihu handiz: «Bedeinkatua zu emakumeen artean, eta bedeinkatua zure sabeleko frutua. Nor naz ni, nire Jaunaren ama ni ikustera etorteko? Zure agurra nire belarrietara heldu orduko, salto egin deust umeak pozez sabelean. Zorionekoa zu, Jaunak esan deutsuna beteko dala sinestu dozulako!»

Orduan, Mariak esan eban:

«Goratzen dau nire arimeak Jauna,

pozaren pozez daukat neure barrua;

Jainkoa da-eta nire salbamena,

ikusi dau-eta mirabe honen ezereztasuna.

Dohatsu deituko deuste gaurdanik gizaldi guztiek,

handiak egin deustaz-eta Ahalguztidunak:

Santua da haren izena,

eta haren errukia gizaldiz gizaldi,

bildur deutsoenakana.

Bere besoaren indarra erabili dau,

buru-harroak hondatu ditu;

bota ditu euren aurkitik handikiak,

eta gora jaso ditu ezerezak;

ondasunez bete ditu gose egozanak,

eta esku hutsik bialdu asko eukenak.

Bere gain hartu dau Israel, bere morroia,

errukia gogoratu jakola;

gure gurasoei holan eutsen berbea emona,

Abrahami eta ondorengoei betiko esana».

Hiru hilabete inguru egon zan Maria Elisabetegaz eta gero etxera joan zan.