Pazko-aldiko V. Asteko Larunbata
Zatoz Mazedoniara eta lagundu egiguzu.
Egun hareetan, Derbera joan zan Paulo eta, gero, Listrara. Han Timoteo izeneko ikasle bat aurkitu eban; ama judua eban eta kristaua; aita, barriz, greziarra. Izen ona eban Listrako eta Ikonioko senideen artean. Paulok beragaz eroan nahi izan eban, eta erdaindu egin eban inguru hareetako juduakaitik, danek ekien-eta aita greziarra ebala.
Igaroten ziran urietan, Jerusalemgo apostolu eta arduradunen erabagiak emoten eutseezan jakitera, bete egiezan. Eleiz alkarteak fedean sendotzen eta egunetik egunera jentez ugaltzen joiazan.
Paulo eta Silas Frigia eta Galazia eskualdeetan zehar joan ziran, Espiritu Santuak galazo egin eutsen-eta Asia probintzian hitza zabaltzea. Misiako mugara heldu ziranean, Bitiniarantz jo gura izan eben, baina Jesusen Espirituak ez eutsen itzi. Orduan, Misia alde batera itziz, Troadera jatsi ziran.
Gauean Paulok ikuskaria izan eban: Mazedoniako gizon bat azaldu jakon, zutunik, erreguka: «Zatoz Mazedoniara eta lagundu egiguzu». Paulok ikuskari hau izan baizen laster, Mazedoniara joaten ahalegindu ginan, ziur gengozan-eta Jainkoak dei egiten euskula, hareei Barri Ona iragartera.
R/ Lurtar guztiok, egin irrintzi Jaunari.
edo Aleluia.
Lurtar guztiok, egin irrintzi Jaunari,
Jaunari zerbitzu alai egiozue,
Haren aurrera pozez oihuka sartu zaiteze. R/.
Jakizue Jauna dala Jainko,
Berak egin gaitu, Berarenak gara,
Bere herri eta larreko artalde. R/.
«Onbera da-eta Jauna,
Haren maitasuna betidaino,
Haren leialtasuna gizaldien gizaldietaraino. R/.
Zuek ez zaree mundukoak; Neuk aukeratu eta mundutik atara zaituet.
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Munduak gorroto badeutsue, jakizue zuei baino lehen Neuri izan deustala gorroto. Mundukoak bazinee, munduak maite izango zindukeez, nork berea maite dauan legez; baina Nik aukeratu eta mundutik atara zinduedazanez, munduak gorroto deutsue, mundukoak ez zareelako.
Gogoratu esan neutsuena: Morroia ez da nagusia baino handiagoa. Ni pertsegitu banabe, zuek ere pertsegituko zaituee; nire berbea hartu badabe, hartuko dabe zuena ere. Nire izenagaitik egingo deutsuee guzti hori, bialdu nauana ezagutzen ez dabelako».
(2. aukera) Egiten dozuen guztia egizue gogo osoz, Jaunarentzat lez eta ez gizakientzat.
SENIDEOK: Guztien gainetik, izan maitasuna, hori da-eta alkartasun
betearen lokarria. Kristoren bakeak agindu begi zuen bihotzean, bake
horretara deituak zarien ezkero gorputz baten, eta izan esker oneko.
Edozer esaten nahiz egiten dozuela, egizue dana Jesu Kristo Jaunaren
izenean, haren bidez Jainko Aitari eskerrak emonez.
Egiten dozuen guztia egizue gogo osoz, Jaunarentzat lez eta ez
gizakientzat, jakinik Jainkoagandik jasoko dozuen ondarea dozuela saria.
Izan zaiteze Kristo Jaunaren zerbitzari.
Jaunak esana.
R/ Gure eskuen lana lagundu, Jauna.
Mendiak jaio baino lehen,
lurra eta mundua sortu baino lehen,
Jainko zara Zu betidanik betidaino. R/.
Gizakia hautsera bihurtuazoten dozu,
esanez: «Bihurtu lehenera, gizakiok».
Bai, mila urte zure begietan
atzo igaro zan eguna adina,
gaualdi bat adina. R/.
Irakatsi egiguzu geure egunen kontua eroaten,
zuhurtasunaren muinaz jabetu gaitezan.
Bihurtu zakiguz, Jauna! Noiz arte?
Errukitu zaitez zeure zerbitzariez. R/.
Asetu gagizuz goizero zeure maitasunaz,
poztu gaitezan eta zoriontsu izan geure egun guztietan.
Ikusi begie zure zerbitzariek zure ekintza,
eta hareen seme-alabek zure dirdaia. R/.
Hau ez al da arotzaren semea?
Aldi haretan, Jesus bere herrira joan zan eta irakasten ziharduan sinagogan. Jenteak, harriturik, honan inoen: Nondik ditu Honek holako jakituria eta nondik mirari horreek? Hau ez al da, ba, arotzaren semea? Honen amak ez al dau izena Maria, eta honen anaiek Santiago, Jose, Simon eta Judas? Eta honen arrebak ez al dira gure artean bizi? Nondik dau, beraz, Honek guzti hori? Eta ezin eben sinestu Haregan.
Jesusek esan eutsen: Profeteari edonon emoten deutsoe ohore, bere herrian eta etxean izan ezik. Eta, hareen sinesgogorkeriagaitik, ez eban han mirari askorik egin.