Jerusalemera igon egiela erabagi eben, apostolu eta arduradunekin auzia argitzera.
Egun hareetan, Judeatik Antiokiara jatsi ziran batzuk hango senideei irakaspen hau emoten hasi ziran: «Moisesengandiko usadioaren arabera erdaintzen ez bazaree, ez zaitekeze salbatu». Hori zala-eta, iskanbila sortu zan eta Paulok eta Bernabek eztabaida gogorra izan eben hareekin. Orduan, Paulo, Bernabe eta beste batzuk Jerusalemera igon egiela erabagi eben, apostolu eta arduradunekin auzi hori argitzera.
Antiokiako eleiz alkarteak biderako beharrezkoak emon eutsezan. Fenizian eta Samarian zehar igarotean, jentilek ere konbertitzen ziharduela jakinazoten eutseen senideei, guztiei poz handia emonez. Jerusalemera heldu ziranean, eleiz alkarteak, apostoluek eta arduradunek harrera ona egin eutseen, eta Jainkoak euren bidez egindako guztiaren barri emon eutseen hareek.
Baina sinestedun egindako fariseuen alderdiko batzuk urten eben esanez, jentilak ere erdaindu egin behar zirala eta Moisesen Legea betetera behartu. Orduan, apostoluak eta arduradunak arazo hau aztertzeko batu ziran.
R/ Goazen pozik Jaunaren etxera!
V/.
Hau bai poza nirea, esan eustenean:
«Goazen Jaunaren etxera!» .
Hona orain nire oinak
zure ateetan, Jerusalem. R/.
V/.
Jerusalem, uri lez ondo eraikia,
beragan sendo batua! R/.
V/.
Hara igoten dabe leinuek, Jaunaren leinuek,
Israelen lege danez, Jaunaren izena gorestera.
Han dagoz ezarriak auzi-mahaiak,
Daviden jauregiko mahaiak. R/.
R/. Aleluia. V/. Zagoze Nigan, Ni zuengan lez, dino Jaunak; norbait Nigan badago, horrek frutu asko emongo dau. R/.
Norbait Nigan badago, Ni haregan lez, horrek frutu asko emoten dau.
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Neu naz egiazko mahatsondoa, eta nire Aita da nekazaria. Nigan fruturik emoten ez dauan aihena inausi egiten dau Aitak, eta frutua emoten dauana garbitu eta inausi, frutu gehiago emon dagian. Zuek garbi zagoze dagoaneko, Nik adierazo deutsuedan hitzari esker. Zagoze Nigan, Ni zuekan lez. Aihenak berez, mahatsondoan ez badago, fruturik emon ezin dauan lez, ezta zuek ere, Nigan ez bazagoze.
Neu naz mahatsondoa eta zuek aihenak. Norbait Nigan badago, Ni haregan lez, horrek frutu asko emoten dau; Ni barik ezin dozue-eta ezer egin. Nigan ez dagoana kanpora botaten dabe, ebagi eta ihartzen dan aihena lez; gero, batu, sutara bota eta erre egiten dabe.
Nigan bazagoze eta nire hitzak zuekan badagoz, eskatu gura dozuena eta izango dozue. Honetan azaltzen da nire Aitaren aintza: zuek, nire ikasle izanik, frutu asko emotean».