Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao Egunaren Irakurgaiak
Gaur

Pazko-aldiko IV. Asteko Astelehena

Pazkoaldia Asteguna B zikloa
🔍 Bilatu

Atzerritarrei ere emon deutse, beraz, Jainkoak bizira daroan bihozbarritzea.

Egun hareetan, jakin eben apostoluek eta Judeako senideek jentilek ere Jainkoaren berbea onartu ebela. Pedro Jerusalemera bihurtu zanean, erdainkuntzaren aldeko senideek aurpegi emon eutsoen, esanez: «Erdaindubakoen etxean sartu eta hareekin jan dozu!»

Orduan, Pedrok dana zehatz-mehatz kontatu eutsen: «Jafa urian otoitzean nengoala, estasian ikuskari bat izan neban: oihal handi baten antzeko zerbait ikusi neban, lau muturretatik zintzilik zerutik jasten eta nire ondoraino etorten. Begira jarri nintxakon, eta lauoinekoak, piztiak, narrastiak eta hegaztiak ikusi nebazan barruan.

Orduan, ahotsa entzun neban, niri esaten: "Ea, Pedro, hil eta jan!" Eta nik erantzun: "Ezelan ere ez, Jauna! Ez dot egundaino ezer loiturik edo kutsaturik ahoan sartu". Zerutiko ahotsak barriro esan eustan : "Jainkoak garbi egin dauana, zuk ez esan kutsatua danik". Hiru aldiz jazo zan hori, eta ondoren dana zerura jaso eben.

Une haretan, hain zuzen, hiru gizon agertu ziran gu gengozan etxean, Zesareatik nigana bialduak. Hareekin kezka barik joateko esan eustan Espirituak. Sei senide honeek joan ziran nigaz, eta Kornelioren etxean sartu ginan. Harek kontatu euskun zelan aingeru bat agertu jakon etxean eta esan eutsan: "Bialdu egizu norbait Jafara, Simonen, Pedro ere deituaren, bila. Harek esango deutsunaren bidez salbatuko zaree, zeu eta zeure etxeko guztiak".

Berbetan hasi nintzan baizen laster, Espiritu Santua jatsi zan hareengana, hasierakoan gugana jatsi zan lez. Orduan, Jaunak esandako ha etorri jatan gogora: "Joanek urez bateatu eban, baina zuek Espiritu Santuaz izango zaree bateatuak". Beraz, Jainkoak guri Jesu Kristo Jaunagan sinesteagaitik emon euskun dohai bera emon badeutse hareei ere, nor nintzan ni Jainkoari aurka egiteko?»

Hau entzutean, baretu egin ziran eta Jainkoa goratu eben, esanez: «Jentilei ere emon deutse, beraz, Jainkoak bizira daroan bihozbarritzea».

R/ Nire gogoa Jainko biziaz egarri da, noiz noake Jainkoaren aurpegia ikustera?

Basauntza iturrien egarri biziz bezala,

halan daukat, Jainko, gogoa egarri biziz Zugana.

Nire gogoa Jainkoaz, Jainko biziaz egarri da,

noiz noake Jainkoaren aurpegia ikustera? R/.

Bialdu zeure argia eta zeure egia,

eurok eroan nagiela zure mendi santura,

zure bizileku santura sartu nagiela.

Eta sartuko naz Jainkoaren altarara,

poz eta atsegin dodan Jainkoagana,

zitaraz goretsiko zaitut, Jauna, ene Jainkoa. R/.

Artzain onak bere bizia emoten du ardien alde.

Aldi haretan, Jesusek esan eutsan jenteari: «Neu naz artzain ona. Artzain onak bere bizia emoten du ardien alde. Ez, ostera, morroiak, artzain ez danak eta ardiak ere bereak ez dituanak; honek, otsoa etorten ikustean, ardiak itzi eta ihes egiten dau; eta otsoak ardiak harrapatu eta sakabanatu egiten ditu. Izan ere, morroiari lansaria jako ardura eta ez ardiak.

Neu naz artzain ona. Ezagutzen ditut neure ardiak, eta neureek ezagutzen nabe Ni, Aitak Ni ezagutzen nauan eta Nik Aita ezagutzen dodan lez. Nik neure bizia emoten dot ardien alde. Baditut artegi honetakoak ez diran beste ardi batzuk ere; honeek ere erakarri egin behar ditut; entzungo dabe nire ahotsa eta artalde bakarra izango dira, artzain bakarraren gidaritzapean.

Horregaitik maite nau Aitak: neure bizia emoten dodalako, barriro eskuratzeko. Ez deust bizia inork kentzen, Nik neure kabuz emoten dot. Neure esku dot emotea eta neure esku barriro eskuratzea. Hori da neure Aitagandik hartu dodan agindua».