Eregiten eta zabaltzen joian Eleizea,Espiritu Santuagandiko adoreari esker.
Egun hareetan, Eleizea bakean bizi zan Judea osoan, Galilean eta Samarian; Jaunaganako leialtasunean bizi zan, eta eregiten eta zabaltzen joian, Espiritu Santuagandiko adoreari esker.
Pedro hara eta hona ebilen eten barik. Behin, Lidan bizi ziran fededunengana joan zan. Eta han Eneas izeneko gizon elbarri bat aurkitu eban, zortzi urte hareetan ohatilan etzunda egoana. Pedrok esan eutsan: «Eneas, Jesu Kristok osatu zaitu; jagi eta batu ohea». Bat-batean jagi egin zan. Lidan eta Saron lautadan bizi ziran guztiek ikusi eben gizona, eta Jaunagana bihurtu ziran.
Bazan Jafan emakume ikasle bat, Tabita izenekoa (grekoz "Dorkas", hau da, "Basahuntza"). On egitera eta behartsuei laguntzera emona bizi zan guztiz. Egun hareetako batean, gaixotu egin zan eta hil, eta gorpua, garbitu ondoren, goiko gela batean ipini eben. Jafatik hurrean dago Lida, eta ikasleek, Pedro han zala jakinik, gizon bi bialdu eutsoezan, lehenbailehen euren urira etorteko eskatuz.
Pedro bat-batean joan zan hareekin. Heldu zanean, goiko gelara eroan eben. Andra alargun guztiak negarrez hurreratu jakozan eta Dorkas zanak egin ohi eutsezan jantzi eta soingainekoak erakutsi eutsoezan. Pedrok danei urtenazo eutsen gelatik eta otoitz egin eban belauniko; gero, gorpura begira, esan eban: «Tabita, jagi!» Harek begiak zabaldu zituan eta, Pedro ikustean, jesarri egin zan. Pedrok eskutik hartu eta zutituazo eban eta, fededunei eta alargunei deiturik, bizirik aurkeztu eutsen.
Jafa osoak izan eban jazotakoaren barri, eta askok sinestu eban Jaunagan
R/ Zer bihurtuko deutsat Jaunari, emon deustazan guztiakaitik?
edo Aleluia.
Zer bihurtuko deutsat Jaunari,
emon deustazan guztiakaitik?
Salbamen-edontzia dot hartuko,
eta Jaunaren izenari deituko. R/.
Emongo deutsadaz Jaunari zin egindakoak,
herri guztia begira dagoala.
Jaunaren begietan balio handikoa
Haren zintzoen heriotzea. R/.
Zure morroi nozu ni, Jauna,
zure morroi eta zure neskamearen umea,
askatu dozuz nire kateak.
Eskeiniko deutsut gorespen-oparia,
deituko dot, Jauna, zure izena. R/.
Nogana joango gara? Zure berbek betiko bizia dabe.
Aldi haretan, Jesusen ikasleetako askok esan eban: «Gogorra da hizkera hau. Nork entzun daike?»
Jesusek, bere barruan oharturik ikasleek marmarka ziharduela, esan eutsen: «Onargaitza al deritzozue horri? Eta Gizonaren Semea lehen egoan tokira igoten ikusiko bazendue, orduan zer? Espiritua da bizia emoten dauana; haragia berez ez da ezertarako. Nik esan deutsuedazan berbak espiritu eta bizi dira. Baina badira zuen artean sinesten ez daben batzuk». Izan ere, Jesusek hasieratik ekian nortzuk ez eben sinesten eta nork salduko eban. Eta esan eban gainera: «Horregaitik esan deutsuet ezin dala inor ere Nigana etorri, Aitak ez badeutso horretarako gaitasuna emoten».
Ordutik, haren ikasleetariko askok atzera egin eban, eta aurrerantzean ez ziran Haregaz ibili. Orduan, esan eutsen Jesusek Hamabiei: «Zuek ere alde egin nahi al dozue?» Erantzun eutsan Simon Pedrok: «Jauna, norengana joango gara? Zure berbek betiko bizia dabe. Eta guk sinestu dogu eta badakigu Zeu zarala Jainkoaren Santua».