Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao Egunaren Irakurgaiak
Gaur

Pazko-aldiko III. Asteko Osteguna

Pazkoaldia Asteguna B zikloa
🔍 Bilatu

Hona hemen ura; zerk galazoten dau ni bateatzea?

Egun hareetan, Jainkoaren aingeruak esan eutsan Feliperi: «Ea, zoaz hegoalderantz, Jerusalemdik behera Gazara doan bidetik. Bide hori basamortuan zehar doa». Abiatu zan Felipe, eta han ikusi eban etiopiar iren bat: Etiopiako Kandaze erreginaren ministroa zan, haren ondasun guztien administratzailea. Jerusalemera etorri zan Jainkoa gurtzera eta barriro etxera joian. Bere karrozan jesarrita, Isaias profetea irakurten ziharduan..

Espirituak esan eutsan Feliperi: «Aurreratu eta jarri karroza horren ondoan». Felipe lasterka hurreratu jakon eta, Isaias profetea irakurten entzunik, esan eutsan irenari: «Ulertzen al dozu irakurten diharduzuna?»

Harek erantzun: «Zelan ulertuko dot, bada, inork azaltzen ez badeust?» Eta igon eta beragaz jesarteko eskatu eutsan Feliperi.

Irakurten ziharduan Liburu Santuko pasartea hauxe zan:

«Hiltera daroen bildotsak lez,

ule-moztaileen aurrean isilik dagoan ardiak lez,

ez eban ahorik zabaldu.

Gizon ezereza zalako, ez eutsoen justiziarik egin.

Nork aitatuko dau haren ondorengotza?

Errotik atara eben-eta haren bizia lurretik».

Itaundu eutsan irenak Feliperi: «Esaidazu, mesedez: nortaz dino hori profeteak, bere buruaz ala beste norbaitez?» Felipek, orduan, Liburu Santuko pasarte honetatik abiaturik, Jesusen Barri Ona iragarri eutsan.

Bidean aurrera joiazala, ura egoan toki batera heldu ziran, eta irenak esan eban: «Hona hemen ura; zerk galazoten dau ni bateatzea?» Karrozea gelditzeko agindu eban; Felipe eta irena, biak uretara jatsi ziran eta Felipek bateatu egin eban.

Uretatik urten ebenean, Jaunaren Espirituak hartu eta eroan eban Felipe; irenak ez eban gehiago ikusi, eta poz-pozik jarraitu eban bidean aurrera. Felipe, barriz, Azoton aurkitu zan, eta herri guztietan Barri Ona iragarten joan zan, Zesareara heldu arte.

R/ Lur osoa, egiozu irrintzi Jainkoari.

edo Aleluia.

Bedeinkatu egizue, herriak, gure Jainkoa,

zabaldu Haren gorespenak oihuka.

Bizia gure arimari Berak emon deutso,

eta gure oinari kolokatzen itzi ez deutso. R/.

Zatoze eta entzun, Jainkoaren bildur zareenok,

esango deutsuedaz nire alde Harek eginak.

Dei egin neutsan ezpanez,

eta goratu neban mingainez. R/.

Bedeinkatua Jainkoa, ez dau-eta uxatu nire eskaria,

ez deust-eta ukatu bere grazia. R/.

Neu naz zerutik jatsia dan ogi bizia.

Aldi haretan, Jesusek esan eutsan jenteari: «Ezin da inor Nigana etorri, bialdu nauan Aitak erakarten ez badau. Eta Neuk biztuko dot azken egunean. Honan dator Profeten liburuan: "Jainkoaren ikasle izango dira guztiak". Aitari entzun eta Harek irakatsia bereganatzen dauana Nigana dator. Horrek ez dau esan gura inork Aita ikusi dauanik; Jainkoagandik etorri danak bakarrik ikusi dau Aita.

Bene-benetan dinotsuet: Sinesten dauanak betiko bizia dau. Neu naz bizia emoten dauan ogia. Zuen gurasoek mana jan eben basamortuan eta, halan ere, hil egin ziran. Bestelakoa da zerutik jasten dan ogia: honetatik jaten dauana ez da hilgo. Neu naz zerutik jatsia dan ogi bizia; ogi honetatik jaten dauana betiko biziko da. Eta Nik emongo dodan ogia nire haragia da, mundua bizi daiten emondakoa».