Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao Egunaren Irakurgaiak
Gaur

Pazko-aldiko II. Asteko Asteazkena

Pazkoaldia Asteguna B zikloa
Joan Bautista de La Salle Santua (Nahitaezko Oroitzapena)
🔍 Bilatu

Kartzelan sartu zenduezan gizonak tenpluan dagoz, eta herriari irakasten dihardue.

Egun hareetan, abade nagusiak eta bere alderdikoek - saduzearrek, hain zuzen ere - , bekaitzez beterik, apostoluak atxilotu eta herriko kartzelan sartuazo ebezan.

Baina gauez Jainkoaren aingeru batek kartzelako ateak zabaldu eta kanpora atara ebezan, esanez: «Zoaze tenplura eta azaldu herriari bizibide honi jagokon guztia». Agindua betez, egunsentian tenplura joan eta irakasten hasi ziran.

Bitartean, abade nagusiak eta bere alderdikoek israeldar agintarien Batzar Nagusia batu eben eta apostoluak kartzelatik ekarteko agindu. Joan ziran guardiak, baina ez ebezan kartzelan aurkitu, eta barri emotera bihurtu ziran: «Kartzelea arreta guztiz itxita aurkitu dogu eta zaintzaileak ateetan erne; baina edegitean ez dogu barruan inor aurkitu».

Barria entzunik, tenpluko guardiaburua eta abadeburuak zer jazo ete zan asmau ezinik ebilzan. Halako baten, norbait etorri zan barri honegaz: «Kartzelan sartu zenduezan gizonak tenpluan dagoz eta herriari irakasten dihardue». Joan zan orduan guardiaburua bere mutilekin eta ekarri egin zituan, baina indarrik erabili barik, herriak harrika egingo ete eutsen bildur ziran-eta.

R/ Dohakabeak oihu egin eban, eta Jaunak entzun.

Bedeinkatu dagidan aldi guztietan Jauna,

nire ahoan beti Haren gorespena.

Gailendu bekit bihotza Jaunagaz,

poztu beitez apalak hori entzuteagaz. R/.

Handietsi nigaz Jauna,

ospatu dagigun batean Haren izena.

Jaunaren bila nenbilen eta entzun ninduan,

bildur guztietatik atara ninduan. R/.

Begiratu egiozue alaitu zaitezen,

zuen aurpegiak lotsatu ez daitezan.

Dohakabe honek oihu egin eban, eta Jaunak entzun,

estualdi danetatik atara dau bere eskuz. R/.

Jaunaren aingeruak txabolak ipinten ditu

bildur deutsoenen inguruan, eta babesten ditu.

Txastatu egizue eta ikusi zein samurra dan Jauna;

bai dohatsu Haregana ihesi doana. R/.

Jainkoak bere Semea bialdu dau, haren bitartez mundua salbatu daiten.

Aldi haretan, Jesusek esan eutsan Nikodemori:

Hain maite izan eban Jainkoak mundua, bere Seme bakarra emon eutsan, Haregan sinesten dauanik inor galdu ez daiten, betiko bizia izan dagian baino.

Jainkoak ez eban-eta bere Semea mundura bialdu, mundua kondenatzera, haren bitartez mundua salbatzera baino. Haregan sinesten dauana ez dago kondenatua; sinesten ez dauana, barriz, kondenatua dago oraindixe, Jainkoaren Seme bakarraren izenean sinestu ez daualako. Hauxe da kondenazinoaren arrazoia: argia mundura etorri dala, eta gizakiek ilunpea gurago izan dabela argia baino, hareen egiteak gaiztoak ziralako. Izan ere, txarto jokatzen dauanak gorrotoa deutso argiari, eta ez dator argitara, bere egiteak agerian gelditu ez daitezan. Egiaren arabera diharduana, barriz, argitara dator, haren egiteak Jainkoak nahi lez eginak dirala agertu daiten».