Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao Egunaren Irakurgaiak
Gaur

Pazko Zortziurreneko Asteazkena

Pazkoaldia Solemnitatea B zikloa
🔍 Bilatu

Daukadana emongo deutsut: Jesu Kristoren izenean, jagi zaitez eta ibili.

Egun hareetan, Pedro eta Joan tenplura joiazan, arratsalde erdiko otoitzera. Tenpluko "Ate Eder" esaten eutsoen sarreran, jaiotzatik herrena zan gizon bat egoan. Egunero ipini ohi eben han, tenplura sartzen ziranei limosnea eskatzeko. Pedro eta Joan tenplura sartzen ikusirik, limosnea eskatu eutsen.

Pedro eta Joan begira gelditu jakozan, eta Pedrok esan eutsan: «Begiratu guri». Ha begira jarri jaken, hareengandik zerbait hartuko ebalakoan. Pedrok esan eutsan: «Ez dot zidarrik, ez urrerik, baina daukadana emongo deutsut: Jesu Kristo Nazaretarraren izenean, jagi eta ibili zaitez». Eta, eskumako eskutik heldurik, jagiazo egin eban. Bat-batean gizonaren oinak eta orpoak sendotu egin ziran; salto batez zutitu eta ibilten hasi zan. Eta bere oinez sartu zan tenplura apostoluekin batera, saltoka eta Jainkoari goraka.

Herri guztiak ikusi eban ibilten eta Jainkoa goratzen, eta, Ate Eder ondoan jesarrita limosna eske egoten zana bera zala oharturik, harri eta zur gelditu ziran jazotakoagaitik.

R/ Poztu bedi Jaunaren bila dabilzanen barrua.

edo Aleluia.

Eskerrak Jaunari, iragarri Haren izena,

ezagutuazo atzerrian Haren egintza bikainak.

Ahoz eta salterioz eresi egiozue,

Haren mirari guztiak zabaldu egizuez. R/.

Harrotu zaiteze Haren izen santuaz,

poztu bedi Jaunaren bila dabilzanen barrua.

Bilatu egizuez Jauna eta Haren ahalmena,

bilatu beti Haren aurpegia. R/.

Haren morroi Abrahamen hazia zareenok,

Haren aukeratu Jakoben seme-alabok!

Jauna dogu Jainko,

Haren erabagiek balio dabe lur guztirako. R/.

Gogoan dau betiko egin eban ituna,

Berak mila gizaldirentzat agindua;

Abrahamegaz egin eban alkargoa,

Isaaki emon eutsan zin-hitza. R/.

Bigarren Irakurgaia

Itzulpen ofizialik ez dago oraindik bizkaieraz.

Irakurri gaztelaniaz →

Ogia zatitzean ezagutu eben.

Jesusen ikasle bi Emaus izeneko herritxo batera joiazan, Jerusalemdik hamaika kilometrora. Jerusalemen jazotako guztiez berba egiten eben alkarregaz. Eta, berbetan eta eztabaidan ziharduela, Jesus berbera hurreratu jaken eta eurekin joian; hareen begiak, ostera, itsu egozan eta ez eben ezagutu.

Jesusek esan eutsen: «Zeri buruz zoaze bidean alkarregaz berbetan?» Hareek gelditu egin ziran, aurpegia ilun, eta bietako batek, Kleofas eritzonak, erantzun eutsan: «Zeu izango zara Jerusalemen egun honeetan jazo dana jakin ez dauan kanpotar bakarra!» Jesusek itaundu eutsen: «Zer jazo da, ba?»

Hareek erantzun eutsoen: «Jesus Nazaretarrarena; profeta ahaltsua zan egitez eta hitzez Jainkoaren eta herri guztiaren aurrean; baina gure abadeburuek eta agintariek heriotzara kondenatu dabe eta kurutzean josi. Guk uste genduan Berak askatuko ebala Israel; baina badira hiru egun hori jazo dala. Egia da gure arteko emakume batzuek harriturik itzi gaitueela: goizean goiz joan dira hilobira eta ez ei dabe gorpua aurkitu; gainera, Jesus bizi dala esan deutseen aingeruak agertu jakezala esanez etorri jakuz. Gutar batzuk ere izan dira hilobian, eta emakumeek esan daben lez aurkitu dabe; baina Bera ez dabe ikusi».

Orduan, Jesusek esan eutsen: «Bai zentzunbakoak zareela, bai motelak profetek esana sinesteko! Ez al eban, bada, Mesiasek hori guztia sufridu behar, bere aintzan sartzeko?» Eta, Moisesegandik hasi eta profetaz profeta, Liburu Santuek berari buruz inoen guztia azaldu eutsen.

Joiazan herritxora hurreratu ziranean, Jesusek aurrera jarraitzeko keinua egin eban. Baina hareek arren eta arren eskatu eutsoen: «Gelditu zaitez gugaz, berandu da-eta, eta iluna gainean ». Eta herrian sartu zan hareekaz gelditzeko.

Hareekin mahaian egoala, Jesusek, ogia harturik, bedeinkapen-otoitza esan, zatitu eta emon egin eutsen. Orduan begiak edegi jakezan eta ezagutu egin eben; baina Jesus desagertu egin jaken.

Hareek alkarri esan eutsoen: «Ez al genduan bihotza sutan, bidean berba egiten euskunean eta Liburu Santuak azaltzen euskuzanean?» Eta berehala jagi eta Jerusalemera bihurtu ziran. Han Hamaikak eta honeen lagunak batuta aurkitu ebezan, hau inoela: «Biztu da Jauna egiaz eta Simoni agertu jako».

Ikasle biek bidean jazoa kontatu eutseen eta zelan ogia zatitzean ezagutu eben.