Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao Egunaren Irakurgaiak
Gaur

Pazko Zortziurreneko Asteartea

Pazkoaldia Solemnitatea B zikloa
🔍 Bilatu

Bihozbarritu zaiteze eta bateatu guztiok Jesus Mesiasen izenean.

Pentekoste-egunean, Pedrok honan berba egin eutsen juduei: «Jakin begi ziur Israel herri osoak, Jainkoak Jaun eta Mesias egin dauala zuek kurutzeratu zenduen Jesus hau».

Berba honeek bihotza ikutu eutseen, eta Pedrori eta beste apostoluei esan eutseen: «Anaiok, zer egin behar dogu?»

Pedrok erantzun eutsen: «Bihozbarritu zaiteze eta bateatu guztiok Jesus Mesiasen izenean, pekatuak parkatu dakizuezan, eta Espiritu Santua hartuko dozue dohai. Izan ere, zuentzat eta zuen seme-alabentzat agindu eban Jainkoak dohai hau, baita Jaunak, gure Jainkoak, deituko dituan atzerritar guztientzat ere».

Beste berba askoren bidez ere egiten eutsen Pedrok testigantza, eta arrenka eskatzen eutsen, esanez: «Salbau egizuez zeuen buruak gizaldi galdu honegandik».

Pedroren hitza onartu ebenak bateatu egin ziran, eta egun haretan hiruren bat mila lagun batu jakozan taldeari.

R/ Jaunaren graziaz beterik dago lurra.

Zuzena da-eta Jaunaren hitza,

leiala Harek egin dauan guztia.

Zuzen eta bidezko dana dau maite,

Haren graziaz lurra dago bete. R/.

Hara, Jaunaren begiak bildurra deutsoenengana,

Haren maitasuna itxaron dabenengana;

hareek ditu-eta heriotzatik atarako,

eta gosetean aseko. R/.

Gure bihotza Jaunaren zain dogu,

lagun eta babes Bera dogu-eta.

Betor gugana, Jauna, zure maitasuna,

Zugan dogu-eta gure uste ona. R/.

Bigarren Irakurgaia

Itzulpen ofizialik ez dago oraindik bizkaieraz.

Irakurri gaztelaniaz →

Jauna ikusi dot, eta hau eta hau esan deust.

Aldi haretan, Maria hilobi ondoan egoan, kanpoan negarrez. Eta, negarrez egoala, hilobirantz makurtu zan, eta aingeru bi ikusi zituan, zuriz jantzita, Jesusen gorpua egon zan lekuan jesarrita, bata buru aldean eta bestea oinetan. Aingeruek esan eutsoen: «Zer dozu negarrez, emakume?» Harek erantzun eutsen: «Nire Jauna eroan dabe, eta ez dakit non ipini daben».

Hau esan eta berehala, atzera bihurtu eta Jesus ikusi eban zutunik, baina ez zan konturatu Jesus zanik. Jesusek esan eutsan: «Zer dozu negarrez, emakume? Noren bila zabiltz?» Harek, baratzezaina zalakoan, esan eutsan: «Jauna, zuk eroan badozu, esaidazu non ipini dozun, eta neuk jasoko dot».

Jesusek esan eutsan: «Maria!» Honek, hurreratuz, esan eutsan hebreeraz: «Rabbuni!» (hau da, «Maisu!»). Jesusek esan eutsan: «Itzi nagizu, oraindino ez dot-eta Aitagana igon. Zoaz nire senideakana eta esaiezu: "Neure Aitagana eta zuen Aitagana noa, neure Jainkoagana eta zuen Jainkoagana"».

Joan zan Maria Magdalena, eta barri hau emon eutsen ikasleei: «Jauna ikusi dot, eta hau eta hau esan deust».