Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao Egunaren Irakurgaiak
Gaur

Jaunaren Biztuerako Pazko Igandea

Pazkoaldia Solemnitatea B zikloa
🔍 Bilatu

Hilen artetik biztu ondoren, Beragaz jan eta edan genduan.

Egun hareetan, honan berba egin eban Pedrok: «Badakizue zer jazo zan Galileatik hasi eta Judea osoan, Joanek iragarritako bateoaren ondoren, Nazareteko Jesusena, hain zuzen ere: Jainkoak Espiritu Santuaren indarraz igurtzi eban, eta harek on egiten eta deabruak hartutako guztiak osatzen igaro eban bere bizitzea, Jainkoa beragaz eban-eta.

Eta gu gara Harek juduen lurraldean eta Jerusalemen egindako guztien testigu. Jesus hau egur batetik zintzilik hil eben; baina Jainkoak biztu egin eban hirugarren egunean eta agertzeko ahalmena emon eutsan; ez, ostera, herri guztiari, Jainkoak aurrez testigutzat aukeratutakoei baino: guri hain zuzen ere, Ha hilen artetik biztu ondoren Beragaz jan eta edan dogunoi.

Jesusek berak agindu euskun herriari predikatzeko, eta autortzeko Bera dala Jainkoak bizien eta hilen epaile ipini dauana. Profeta guztiek autormen hau egiten dabe Haretaz: Haregan sinestu dagien guztiek pekatuen parkamena hartuko dabela, beraren izenean».

Salmoa · Sal 117, 1-2. 16-17. 22-23 (R.: 24)

Itzulpen ofizialik ez dago oraindik bizkaieraz.

Irakurri gaztelaniaz →

Bigarren Irakurgaia · 1 Kor 5, 6b-8

Itzulpen ofizialik ez dago oraindik bizkaieraz.

Irakurri gaztelaniaz →

Ogia zatitzean ezagutu eben.

Jesusen ikasle bi Emaus izeneko herritxo batera joiazan, Jerusalemdik hamaika kilometrora. Jerusalemen jazotako guztiez berba egiten eben alkarregaz. Eta, berbetan eta eztabaidan ziharduela, Jesus berbera hurreratu jaken eta eurekin joian; hareen begiak, ostera, itsu egozan eta ez eben ezagutu.

Jesusek esan eutsen: «Zeri buruz zoaze bidean alkarregaz berbetan?» Hareek gelditu egin ziran, aurpegia ilun, eta bietako batek, Kleofas eritzonak, erantzun eutsan: «Zeu izango zara Jerusalemen egun honeetan jazo dana jakin ez dauan kanpotar bakarra!» Jesusek itaundu eutsen: «Zer jazo da, ba?»

Hareek erantzun eutsoen: «Jesus Nazaretarrarena; profeta ahaltsua zan egitez eta hitzez Jainkoaren eta herri guztiaren aurrean; baina gure abadeburuek eta agintariek heriotzara kondenatu dabe eta kurutzean josi. Guk uste genduan Berak askatuko ebala Israel; baina badira hiru egun hori jazo dala. Egia da gure arteko emakume batzuek harriturik itzi gaitueela: goizean goiz joan dira hilobira eta ez ei dabe gorpua aurkitu; gainera, Jesus bizi dala esan deutseen aingeruak agertu jakezala esanez etorri jakuz. Gutar batzuk ere izan dira hilobian, eta emakumeek esan daben lez aurkitu dabe; baina Bera ez dabe ikusi».

Orduan, Jesusek esan eutsen: «Bai zentzunbakoak zareela, bai motelak profetek esana sinesteko! Ez al eban, bada, Mesiasek hori guztia sufridu behar, bere aintzan sartzeko?» Eta, Moisesegandik hasi eta profetaz profeta, Liburu Santuek berari buruz inoen guztia azaldu eutsen.

Joiazan herritxora hurreratu ziranean, Jesusek aurrera jarraitzeko keinua egin eban. Baina hareek arren eta arren eskatu eutsoen: «Gelditu zaitez gugaz, berandu da-eta, eta iluna gainean ». Eta herrian sartu zan hareekaz gelditzeko.

Hareekin mahaian egoala, Jesusek, ogia harturik, bedeinkapen-otoitza esan, zatitu eta emon egin eutsen. Orduan begiak edegi jakezan eta ezagutu egin eben; baina Jesus desagertu egin jaken.

Hareek alkarri esan eutsoen: «Ez al genduan bihotza sutan, bidean berba egiten euskunean eta Liburu Santuak azaltzen euskuzanean?» Eta berehala jagi eta Jerusalemera bihurtu ziran. Han Hamaikak eta honeen lagunak batuta aurkitu ebezan, hau inoela: «Biztu da Jauna egiaz eta Simoni agertu jako».

Ikasle biek bidean jazoa kontatu eutseen eta zelan ogia zatitzean ezagutu eben.