Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Ostegun Santua: Jaunaren Afaria

Aste Santua Solemnitatea B zikloa
🔍 Bilatu

Pazko-afariari buruzko aginduak

Egun hareetan, honan berba egin eutsen Jaunak Moisesi eta Aaroni Egipton: «Hil hau izango dozue hil nagusia, urte guztiko lehenengoa. Esaiozue israeldarren alkarte osoari: «Hil honen hamarrean, bakoitzak abere xehe bat hartuko dau, familia eta etxe bakoitzeko bana. Abere osoa jateko familia nahiko ez bada, aldameneko bizilagunekaz alkartuko da, bakoitzak jan daikeanaren arabera zenbat lagun behar dan kontuan harturik. Aberea akats bakoa izango da, arra, urtekoa, artxoa nahiz aumea. Hilaren hamalaura arte gordeko dozue, eta egun horretan, ilunabarrean, israeldar alkarteko guztiek hilgo dabe. Gero, odola hartu eta jango dozuen etxeko atearen zutoin biak eta ateburua odolez igurtziko dozuez. Gau horretan, sutan errea jango dozue haragia, legamin bako ogiz eta bedar mingotsez lagundurik.

Honan jango dozue: gerria loturik, oinetakoak jantzirik eta makila eskuan, abiatzeko prest; presaka jango dozue, Jaunaren Pazkoa da-eta, hau da, Jaunaren igarotea. Gau horretan Egipto osoan zehar igaroko naz, eta hil egingo ditut Egiptoko lehen ume guztiak, bai gizakienak eta bai abereenak, eta neure epaia emongo deutset Egiptoko jainkoei. Ala Ni Jauna! Odola izango dozue ezaugarri zagozen etxeetan. Odola ikustean, aurrera igaroko naz; holan, Nik egiptoarrak jotean, izurriak ez zaitue zuek hondatuko.

Egun hau gogoangarri izango dozue eta jai nagusiz ospatuko dozue Jaunaren ohorez. Jai honen ospakizuna betiko lege izango dozue belaunez belaun».

R/ Salbamen-edontzia dot hartuko eta Jaunaren izenari dei egingo.

V/. Zelan ordainduko deutsat Jaunari

egin deustan on guztia?

Salbazino-edontzia dot jasoko

eta Jaunaren izenari dei egingo. R/.

V/. Mingarri jako Jaunari

bere fededunen heriotza.

zure zerbitzari ezereza naz, Jauna,

askatu dozuz nire kateak. R/.

V/. Gorespen-oparia deutsut eskeiniko

eta Jaunaren izenari dei egingo.

Beteko deutsadaz Jaunari agintzariak,

herri guztiaren aurrean. R/.

Ogi honetatik jaten eta kaliza honetatik edaten dozuen bakoitzean, Jaunaren heriotza iragarten dozue.

Senideok: Jaunagandik hartu neban nik, neure aldetik zuei emon deutsuedan hau: Jesus Jaunak, saldu eben gauean, ogia hartu eta, esker oneko otoitza eginez, zatitu ebala eta esan: «Hau nire gorputza da, zuentzat emoten dana. Egizue hau nire oroigarri».

Afal ondoan gauza bera egin eban kalizagaz, esanez: «Kaliza hau itun barria da, nire odolaz ezarria; egizue hau, edaten dozuen bakoitzean, nire oroigarri». Beraz, ogi honetatik jaten eta kaliza honetatik edaten dozuen bakoitzean, Jaunaren heriotzea iragarten dozue, Bera etorri arte.

Azkenean bete-betean maitatu zituan.

Pazko-jaia gainean zan. Jesusek, jakinik mundu hau itzi eta Aitagana joateko ordua heldu jakona, munduan ziran beretarrak maite izanik, azkenean bete-betean maitatu zituan.

Afaltzen ziharduen. Ordurako deabruak sartu eutsan buruan Simon Iskarioteren seme Judasi Jesus saltzeko asmoa. Jesus, jakinik Aitak dana bere esku jarri eutsala, Jainkoagandik etorri zala eta Jainkoagana joiala, jagi zan mahaitik, erantzi eban soingainekoa eta, eskuzapia harturik, gerrian lotu eban; gero, ontzi bat urez bete eta ikasleei oinak garbitzen hasi jaken, eta gerrian eban eskuzapiaz lehortzen.

Simon Pedrogana heldu zanean, honek esan eutsan: «Jauna, Zuk niri oinak garbitu?» Jesusek erantzun eutsan: «Nik egiten dihardudana zuk ez dozu orain ulertzen; geroago ulertuko dozu».

Pedrok barriro: «Zuk ez deustazu sekula niri oinik garbituko». Jesusek erantzun: «Garbitzen ez bazaitut, ez dozu Nigaz zerikusirik izango».

Simon Pedrok esan eutsan: «Jauna, orduan oinak ez ezik, baita eskuak eta burua ere». Jesusek erantzun eutsan: «Garbitua hartu dauanak ez dau oinak baino garbitu beharrik, guztiz garbi dago-eta; eta zuek garbi zagoze, baina ez guztiok». Izan ere, baekian nork salduko eban; horregaitik esan eban: «Ez zagoze guztiok garbi».

Oinak garbitu eutsezanean, soingainekoa jantzi, barriro mahaian jesarri eta esan eutsen: «Ulertzen dozue egin deutsuedana? Zuek Maisu eta Jauna deitzen deustazue, eta ondo deitu ere, halantxe naz-eta. Beraz, Nik, Jauna eta Maisua nazan honek, zuei oinak garbitu badeutsuedaz, zuek ere alkarri oinak garbitu behar deutsazuez. Jarraibidea emon deutsuet, zuek ere Nik zuekaz lez jokatu dagizuen».