Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Garizumako III. Asteko Asteazkena

Garizuma Asteguna B zikloa
🔍 Bilatu

Gorde egizuez eta bete nire aginduak.

Honan berba egin eutsan Moisesek herriari: «Orain, Israel, entzun irakasten deutsuedazan lege eta erabagiak, eta bete. Holan, biziko zaree eta Jaunak, zeuen arbasoen Jainkoak, emongo deutsuen lurraldean sartuko zaree eta haren jabe egingo.

Begira, Jaunak, nire Jainkoak, niri agindutako lege eta erabagiak irakasten deutsuedaz, jabetzan hartzera zoazen lurraldean bete dagizuezan. Gorde egizuez eta bete, horrek jakintsu eta buruargi egingo zaitue-eta herrien aurrean. Lege honeen barri izatean, esango dabe: "Bai herri jakintsu eta buruargia nazino handi hau!"

Izan ere, ba ete da nazino handirik, bere jainkoak hain hur dituanik, guk Jauna, gure Jainkoa, hur dogun lez, dei egiten deutsagun bakoitzean? Ba ete da nazino handirik, gaur nik adierazoten deutsuedan irakaspen hau baizen lege eta erabagi zuzenak dituanik?

Baina kontuz! Ez ahaztu, gero, zeure begiez ikusi dozuzanak, ez urrundu zeure oroimenetik zeure bizitza osoan; irakatsi, ostera, zeure seme-alabei eta bilobei».

R/ Jerusalem, ospatu egizu Jauna.

Jerusalem, ospatu egizu Jauna,

Sion, goratu zeure Jainkoa.

Zure ateen sarrailak indartu ditualako

eta seme-alabak zure barruan bedeinkatu. R/.

Zure mugetan bakea ezarri dau,

garirik onenaz ase zaitu.

Bialtzen dau lurrera bere mezua,

eta haren hitza bizkor eta arin doa. R/.

Bere berbea iragarri deutso Jakoben herriari,

bere erabagi eta aginduak Israeli.

Beste herriei ez deutse holakorik egin,

bere erabagirik ez deutse jakinazo. R/.

Bete eta beteten irakasten dauana, handia izango da.

Aldi haretan, Jesusek esan eutsan jenteari: «Ez uste izan Moisesen Legea edota Profeten esanak baztertzera etorri nazanik; ez naz baztertzera etorri, euren betera eroatera baino

Benetan dinotsuek: Zeru-lurrek iraungo daben bitartean, Legearen letra edo zeinurik txikienak ere ez dau baliorik galduko, guztia bete arte.

Beraz, agindurik txikienetako bat hausi eta hausten irakasten dauana, txikiena izango da zeruetako erreinuan; bete eta beteten irakasten dauana, barriz, handia izango da zeruetako erreinuan».