Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao Egunaren Irakurgaiak
Gaur

Hauts Asteazkenaren ondorengo Larunbata

Garizuma Asteguna B zikloa
🔍 Bilatu

Gose danari zeure ogitik emoten badeutsazu, zure argia ilunpetan zabalduko da.

Honan berba egiten dau Jaunak:

«Buztarri guztiak, salaketak eta gaizki-esateak

baztertzen badozuz,

gose danari zeure ogitik emoten badeutsazu

eta behartsuaren preminea asetzen,

zure argia ilunpetan zabalduko da

eta zure ilunaldia eguerdi bihurtuko.

Jaunak gidatuko zaitu beti,

basamortuan ere aseko

eta zure gorputza indarbarrituko dau;

urez asetutako baratza izango zara,

agortzen ez dan iturburu.

Antzinako horma jausiak berreregiko dozuz,

mendetako oinarrien gainean jasoko;

"Harresi zulatuen barritzaile" deituko deutsue,

"Etxe hondatuen konpontzaile".

Zapatuz zeure eginkizunak izten badozuz

eta nire egun santuan negoziotan jarduten ez badozu,

zapatuari zeure atsegina deitzen badeutsazu

eta Jaunaren egun santua ohoregarritzat hartzen,

zeure eginkizun, negozio eta arazoak baztertuz,

orduan Neu, zeure Jauna, izango nozu atsegin.

Lurraldeko mendi-gainetan jarriko zaitut

eta zure arbaso Jakoben ondareaz janarituko».

Holan berba egin dau Jaunak.

R/ Makurtu belarria, Jauna, erantzun.

Makurtu belarria, Jauna, erantzun,

errukarri eta behartsu nozu-eta.

Babestu nire bizia, Zuri lotuta nago-eta;

Zu zaitut neure Jainko:

salbatu egizu Zugan uste ona dauan zerbitzari hau. R/.

Erruki nitaz, Jauna,

Zuri deika dihardut-eta egun osoan.

Alaitu egizu zerbitzari honen bihotza,

Zugana jaso dot-eta gogoa, Jauna. R/.

Ona zara, Jauna, eta parkabera,

dei egiten deutsuenentzat ondoguraz betea.

Entzun nire otoitza, Jauna,

egin jaramon nire erregu-oihuari. R/.

Ez naz zintzoei dei egitera etorri, pekatariei baino, bihozbarritu daitezan.

Aldi haretan, Jesusek Lebi izeneko zergalari bat ikusi eban, zergak batzeko mahaian jesarririk, eta esan eutsan: «Jarraitu Niri». Harek, dana itzirik, zutitu eta jarraitu egin eutsan.

Lebik bazkari handia emon eutsan Jesusi bere etxean; Jesusegaz eta honen ikasleekin batera zergalari eta bestelako jente asko egoan mahaian. Fariseuek eta hareen lege-maisuek marmarrean ziharduen eta esan eutseen ikasleei: «Zergaitik jaten eta edaten dozue zergalari eta pekatariekin?»

Jesusek erantzun eutsen: «Ez dabe osasundunek osagilea behar, gaixoek baino; ez naz zintzoei dei egitera etorri, pekatariei baino, bihozbarritu daitezan».