Sinesmenaren bidez menperatu ebezan erreinuak. Jainkoak guretzat zeredozer hoberik erabagita eukan.
Senideok: Zertan jarraitu berba egiten? Ez neuke asti nahikorik izango, Gedeon, Barak, Samson, Jefte, David, Samuel eta Profetez berbetan hasiko banintz.
Sinesmenari esker erreinuak menperatu ebezan, justizia egin, Jainkoak agindutakoa eskuratu, lehoien ahoak itxi, su gartsuak amatau, ezpataz hilak izateari ihes egin, gaixotasunetatik osatu, guduan bulartsu jokatu eta atzerritarren gudari-taldeei atzera eragin.
Emakume batzuek berbizturik berreskuratu ebezan euren hildakoak. Beste batzuk, barriz, torturapean hil ziran, handik libratzeari uko eginez, bizitza hobera biztuteko itxaropenagaitik; beste batzuek irainak eta zigorkadak, kateak eta espetxeak eroan ebezan; harrikatu egin ebezan, zerraz ebagi, ezpataz hil; hara eta hona ibili ziran, ardi- eta ahuntz -narruz estaldurik, premina gorrian, erasopean eta tratu txarrak hartuz. Munduak merezi baino hobeak ziran eta noraezean ibili ziran basamortuetan, mendietan eta lurreko leize eta kobazuloetan.
Baina honeek, euren sinesmenagaitik Jainkoak onetsi ebazan arren, ez eben eskuratu Jainkoak agindutakoa; izan ere, Jainkoak zeredozer hobea prestau eban guretzat, eta ez eban nahi izan hareek helmugara gu barik heltzerik.
R/ Bizkortu zaiteze, izan bihotz, Jaunagan uste on dozuen guztiok.
Bai handi, Jauna, zure ontasuna
bildur deutsuenei gorde deutsezuna;
Zugana batzen diranei
gizakien aurrean agertzen deutsezuna. R/.
Zure aurpegiaren kerizpean babesten dozuz
gizakien asmo maltzurretik;
zure txabolan gordeten dozuz
mihin gaiztotik.
Bedeinkatua Jauna, harrigarrizko maitasuna
uri sendoan agertu deustana. R/.
Nik ostera, esan neban neure ikaran:
«Erauzia nozu zeure aurretik.»
Baina, Zuk, deika niharduala,
entzun zenduan nire otoitz-oihua. R/.
Maitatu egizue Jauna, Haren zintzo guztiek:
Jaunak zaintzen ditu leial diranak;
baina, ordain gogorra emoten deutse
harro dabilzanei. R/.
Urten egizu gizon honegandik, espiritu lohi hori!
Aldi haretan, Jesus eta ikasleak itsasoaz bestaldera joan ziran, gerasatarren lurraldera. Jesus ontzitik jatsi zaneko, espiritu gaiztoaren menpe egoan gizon batek urten eutsan hilobi artetik bidera. Hilobietan bizi zan, eta ezin eban inork lotuta eduki, ezta kateaz ere; askotan lotu eben girgiluz eta katez, baina harek kateak hautsi eta girgiluak apurtu egiten zituan, eta ez zan inor ere ha menperatzeko gauza. Gau eta egun, hilobi artean eta mendiz mendi ibili ohi zan eten barik, marrumaka eta bere burua harriz zauritzen.
Urrunetik Jesus ikustean, lasterka joan eta aurrean ahuspeztu jakon. Eta oihu handiz esan eutsan: «Zer dozu nigaz, Jesus, Goi-goiko Jainkoaren Seme horrek? Jainkoarren, ez nagizu oinazetu». Izan ere, Jesusek honan agindu eutsan-eta: «Urten gizon honegandik, espiritu gaizto hori!»
Orduan, Jesusek itaundu eutsan: «Zelan dozu izena?» Harek erantzun: «Taldea, asko gara-eta». Eta arren eta arren eskatzen eutsan, ez egizala lurralde haretatik kanpora bialdu.
Txarri-talde handia ebilen mendi inguru haretan, larrean. Espiritu gaiztoek eskatu eutsoen Jesusi: «Bialdu gagizuz txarrietara, euretan sartu gaitezan». Harek baimena emon eutsen; orduan, espiritu gaiztoak gizonakandik urten eta txarrietan sartu ziran, eta txarri-taldea ezpondan behera itsasora amildu zan; bi milaren bat txarri ito ziran.
Txarrizainek ihes egin eta jazotakoaren barri zabaldu eben herrian eta auzoetan; eta jentea, zer jazo zan ikustera etorri zan. Jesusegana heltzean, han ikusi eben deabruduna, jesarrita, jantzirik eta bere onean, lehen deabru-taldearen menpe egoan haxe bera, eta zehatz izutu ziran. Ikusi ebenek deabrudunari jazotakoa eta txarriena kontatu eutseen. Orduan, euren lur-mugetatik alde egiteko eskatu eutsoen Jesusi.
Jesus ontzira igotean, deabrudun izanak arren eskatzen eutsan Beragaz ibilten izteko, baina Jesusek ez eutsan itzi; zera esan eutsan, ostera: «Zoaz etxera, zeure senitartera, eta jakinazo Jaunak, zutaz errukiturik, egin deutsun guztia». Joan zan, bada, eta Jesusek egin eutsana iragarten hasi zan Dekapolisko lurraldean. Danak harriturik gelditzen ziran.