Jauna izango da Israelgo errege zure erdian.
Egin poz-irrintzi, Sion uri!
Egin oihu alai, Israel!
Poztu zaitez bihotz-bihotzez,
alaitu, Jerusalem!
Urratu dau Jaunak zure kontrako erabagia,
atzeratuazo ditu zure arerioak.
Jauna, Israelgo erregea, zure erdian dago:
ez dozu gehiago bildurrik izango.
Egun haretan, honan esango deutsoe Jerusalemi:
Ez izan bildurrik, Sion!
Ez beitez jausi zure eskuak!
Jauna, zure Jainkoa, zure erdian dago salbatzaile indartsu!
Pozaren pozez alaitzen da zugaitik,
bere maitasunez bizibarritzen zaitu.
Pozez saltoka dabil zugaitik,
jaiegunez lez.
Aldendu egingo dot zugandik hondamendia,
gainean dozun lotsea.
R/ Poztu zaiteze, zintzoak, Jaunagan, kanta egiozue kantu barri.
Ospatu egizue Jauna kitaraz,
egiozue soinu hamar hariko salterioaz.
Kanta egiozue kantu barri,
turutaz ondo eresi. R/.
Jaunaren asmoek badiraue betierean,
Haren barruko erabagiek gizaldi guztietan.
Bai dohatsu Jauna Jainko dauan jentea,
bere oinorde hautatu dauan herria. R/.
Gure bihotza Jaunaren zain dogu,
lagun eta babes Bera dogu-eta.
Haregan pozten jaku barrua,
Haren izen santuagan dogu itxaropena. R/.
Nor naz ni, nire Jaunaren ama ni ikustera etorteko?
Aldi haretan, Maria jagi eta bizi-bizi mendi aldera joan zan, Judeako herri batera, eta, Zakariasen etxean sarturik, Elisabeti agur egin eutsan.
Elisabeti, Mariaren agurra entzun eban orduko, salto egin eutsan umeak sabelean. Elisabet Espiritu Santuaz bete zan, eta esan eban oihu handiz: *Bedeinkatua zu emakumeen artean, eta bedeinkatua zure sabeleko frutua. Nor naz ni, nire Jaunaren ama ni ikustera etorteko? Zure agurra nire belarrietara heldu orduko, salto egin deust umeak pozez sabelean. Zorionekoa zu, Jaunak esan deutsuna beteko dala sinestu dozulako!+