Hildakoak euren ekintzen arabera epaitu ebezan. Uri santua ikusi neban zerutik jaisten
Aingeru bat ikusi neban zerutik jaisten; lur azpiko lezako giltza eta kate handi bat eroiazan eskuan.
Harrapatu eban herensugea, antxinako sugea –hau da, deabrua edo Satanas-, eta mila urterako lotu eban. Lezara bota, sarrera giltzean itxi eta zigilatu egin eban mila urteak bete arte, aurrerantzean herriak liluratu ez egizan; mila urteon ondoren, apur baterako aske gelditu behar dau.
Tronu batzuk be ikusi nituan; hareetan jesarri ziranei epaitzeko ahalmena emon eutsen Jainkoak. Ikusi nituan Jesusen testigantza emoteagaitik eta Jainkoaren berbea iragartzeagaitik burua ebagitakoak ere, hau da, piztia eta beronen irudia gurtu ez zituenak eta haren marka euren bekoki eta eskuetan hartu ez ebenak.
Honeek bizitzara bihurtu ziran eta Mesiasegaz errege izan ziran mila urtez.
Tronu handi zuri bat ikusi neban, bai eta bertan jesarrita egoana be; beronen aurretik ihes egin eben lurrak eta zeruak, eta arrastorik itzi barik desagertu.
Eta hildakoak ikusi nebazan, handi nahiz txiker, tronuaren aurrean zutunik.
Liburuak zabaldu ebezan; beste liburu bat be zabaldu eben, bizitzaren liburua; eta hildakoak liburuetan idatzirik egoanaren arabera epaitu zituen, bakotxa bere egintzen arabera.
Itsasoak bere barruan eukazan hildakoak bihurtu egin ebazan, gaita Heriok eta Hilen Egoitzak ere, eta bakotxa bere egintzen arabera epaitua izan zan.
Herio eta Hilen Egoitza suzko lakura bota ebezan; suzko lakua bigarren heriotza da.
Izena bizitzaren liburuan idatzita ez eukenak be suzko lakura jaurti ebezan.
Zeru barria eta lur barria ikusi nituan, ze, lehengo zerua eta lehengo lurra hondatu egin ziran, eta harrezkero itsasorik ere ez zan.
Uri santua ikusi neban, Jerusalem barria, zerutik, Jainkoagandik, jaisten, emaztegaia bere senarrarentzat bezala apainduta.
R/ R. Hauxe da Jainkoaren bizilekua gizon-emakumeen artean.
Arimea makalduta daukat
eta Jaunaren aterpeak gura dodaz gartsu,
nire bihotzak eta haragiak
saltoka dihardue Jainko biziaganako lehiaz.
Kurloiak be etxea aurkitu dau,
elaiak be bai bere umeak ipinteko habia:
zeure altarak, Gudarosteen Jauna,
nire errege eta Jainko horrenak!
Bai zoriontsu zure etxean bizi diranak,
beti Zeu goratzen diharduenak!
Begira, Jainko, gure Babeskina,
begira zure Igurtzitakoaren aurpegia.
Nire etxean mila egun baino
zure aterpeetan egun bat hobe da,
eta gaiztoakaz bizi baino
Jainkoaren etxeko atartea nahiago dot.