Inoiz bidegaldu izanak gara, baina bere errukiagaitik salbatu egin gaitu.
Anaia maite: Gomutauazo danei gobernari eta agintarien menpeko izan behar dabela, hareen esanak egin eta egintza on guztirako prest egon. Ez dagiela inor iraindu eta ez daitezala eztabaidazale izan, baketsu baino, gizaki guztientzat otzantasunez beteak. Gu ere, inoiz, burubako, errebelde, bidegaldu eta era guztietako grina eta atseginkerien menpeko izan gara, gaiztakerian eta bekaizkerian bizi izanez, gorrotagarri eta alkarren gorrotatzaile.
Baina Jainko gure salbatzailearen bihotz ona eta ondonahia agertu danean, salbatu egin gaitu; ez guk egindako zuzenbidezko egintzakaitik, bere errukiagaitik baino, jaiotza barria emoten dauan garbikuntzaz eta Espiritu Santuak eragiten dauan barrikuntzaz. Espiritu hori oparo isuri deusku Jainkoak, Jesu Kristo gure salbatzailearen bitartez. Holan, ondogura hutsez Jainkoak zuzen egin gaituala, itxaron dogun betiko biziaren oinordeko egin gara.
R/ Jaunaren etxean naz biziko luzaroen luzaro.
V/. Jauna dot artzain, ez naz ezeren beharrizanean;
larre gurietan etzunarazoten nau,
ur-bazter nasaira eroaten
eta indarrak deustaz barritzen;
bide segurutik naroa,
bere izenari ohore eginez. R/.
Ez al da izan atzerritar hau besterik bihurtu eta Jainkoa goratzeko?
Aldi haretan, Jesus Jerusalemera bidean, Samaria eta Galilean zehar joian. Herritxo batean sartzean, hamar legenardunek urten eutsoen bidera. Urrun gelditurik, deadarka esan eutsoen: «Jesus, Maisu, erruki zakiguz!» Jesusek, ikustean, esan eutsen: «Joan eta azaldu abadeakana». Bidean joiazala, garbi gelditu ziran.
Hareetako bat, osatuta egoala oharturik, Jainkoa deadarka goratuz bihurtu zan eta Jesusen oinetara ahuspez jausi zan, eskerrak emonez. Samariarra zan bera.
Jesusek esan eban: «Ez al dira hamarrak garbi gelditu? Non dira beste bederatziak? Ez al da izan atzerritar hau besterik Jainkoa goratzera etorteko?» Gero, esan eutsan: «Jagi eta zoaz; zeure sinesmenak salbatu zaitu».