Niretzat, bizitzea Kristo da; eta hiltea irabazia.
Senideok: Itxurakeriaz nahiz egiaz, Kristo iragarten dabe danek, eta honek poztu egiten nau; eta are gehiago poztuko naz, ondo dakit-eta, zuen otoitzari esker eta Jesu Kristoren Espirituaren laguntzaz, bizi dodan egoera hau salbagarri izango jatala: itxaropen sutsua dot ez deustala usteak huts egingo eta ziur nago beti lez orain ere, ni bizi nahiz hil, Kristok bere handitasuna agertuko dauala nigan.
Izan ere, niretzat, bizitzea Kristo da eta hiltea irabazpide. Baina bizitzen jarraituz lan onuragarria egin ahal badot, ez dakit nik zer aukeratu.
Alde bietatik nago estu: batetik, hil egin gura neuke, Kristogaz egoteko; niretzat hau askoz hobea dala; baina bestetik bizitzen jarraitzea beharrezkoagoa da zuentzat.
Eta honetan ziur nagoala, badakit gelditu egingo nazala eta zuekin guztiokin jarraituko dodala oraindino, zuen sinesmenaren aurrerapen eta pozerako. Holan, zuek barriro ikustera joatean, Kristo Jesusenak izateaz dozuen harrotasuna areagotu egingo da niri esker.
R/ Jainko biziaren egarri naz.
V/.
Basahuntza gogo biziz uretara lez,
halantxe nire gogoa, nire Jainko, Zugana.
Jainkoaren egarri naz, Jainko biziaren egarri:
noiz helduko ete naz Jainkoaren aurpegia ikustera? R/.
V/.
Bihotza urtzen jat barruan, gogora ekarriz
zelan joaten nintzan tenplura, Jainkoaren etxera,
poz-oihuz eta goraka, jai-giroan, jentetzagaz batera. R/.
Bere burua goratzen dauana beheratua izango da, eta bere burua beheratzen dauana goratua.
Aldi haretan, zapatu batez, fariseu-buruetako baten etxera joan zan Jesus bazkaltzera, eta fariseuak zalatan egokozan. Ohartu zan Jesus gonbidatuek aurreneko jarlekuak hartzen ebezala eta ohar honeek egin eutsezan:
«Ezteguetara gonbidatzen zaituenean, ez jarri mahaiburuan, baliteke-eta zu baino gonbidatu ospetsuagoren bat izatea; holan balitz, biok gonbidatu zaituenak etorri eta esango leuskizu: "Itzi tokia honi". Orduan, azkenengo lekuan jesarri beharko dozu lotsa gorritan. Bestetara, gonbidatzen zaituenean, jarri azkenengo tokian, gonbidatu zaituenak, datorrenean, esan deizun: "Adiskide, igon gorago!" Holan, oso toki onean geldituko zara mahaikide guztien aurrean. Izan ere bere burua goratzen dauana beheratu egingo dau-eta Jaunak, eta bere burua beheratzen dauana goratu».