SENIDEOK:
Sendotu zagiezala Jaunak bere indar ahaltsuaz. Hartu egizuez Jainkoak emoten deutsuezan armak, deabruaren maltzurkeriei aurre egin ahal izateko. Gure burruka, izan be, ez da hazur-maminezko arerioen aurka, goiko espiritu gaiztoen aurka baino, mundu ilun honetako aginte, ahalmen eta botereen aurka.
Hartu egizuez, beraz, Jainkoaren armak, egun txarrean gogor eutsi eta, zailtasun guztiak gainditurik, sendo iraun dagizuen. Zutunik, beraz! Lotu garrikotzat egia, jantzi bularrekotzat zuzentasuna eta oinetakotzat bakearen barri ona zabaltzeko ardura. Euki beti babeskitzat sinismena, arerioaren suzko gezi guztiak amatatu ahal izateko. Hartu egizue burukotzat salbazinoa eta ezpatatzat Espirituaren ezpata, hau da, Jainkoaren hitza, eten barik otoitz eta eskariak eginez Espirituaren indarrez.
Zagoze erne, fededun guztien alde lehiatsu erregutuz; baita nire alde be, Jaunak berba egokia ahoan jarri deidan, Barri Onaren misterioa ausardiaz adierazoteko. Barri On horren bozeramaile naz kate artean; Jainkoak ausardia emon deidala, behar dan lez berba egin dagidan.
Jaunak esana.
R/ Bedeinkatua Jauna, nire harkaitza.
Bedeinkatua Jauna, nire harkaitza,
eskuak gudurako eta ukabilak borrokarako
trebatzen deustazana. R/.
Nire laguntzaile eta gaztelua,
gotorleku eta askatzailea,
nire babeski eta geriza.
Berak deustaz herriak menperatzen. R/.
Kantu barria kantauko deutsut, oi Jainko,
hamar hariko harpea joko Zuretzat:
Zeuk emon zeuntsen erregeei garaipena,
Zeuk askatu zenduan David, zeure zerbitzaria.R/.
Profetarik ezin daiteke hil Jerusalemetik kanpo.
Aldi haretan, fariseu batzuk joan jakozan Jesusi eta esan eutsoen: «Zoaz, alde egizu hemendik, Herodes zu hil guran dabil-eta».
Jesusek erantzun eutsen: «Zoaze eta esan azeri horri: "Hara, gaur eta bihar deabruak botaten eta osatzen jarraitu behar dot, eta hirugarren egunean nire azkena izango da". Baina gaur, bihar eta etzi bideari jarraitu behar deutsat, ez daiteke-eta profetarik Jerusalemetik kanpora hil.
Jerusalem, Jerusalem, profetak hilten eta Jainkoak zuri bialduak harrikatzen dozuzana! Zenbat bider ez ditut batu gura izan zure seme-alabak, oiloak bere txitaldia hegalpean lez, eta zuek ez dozue gura izan! Horra bada, hutsik geldituko jatzue etxea! Eta esaten deutsuet ez nozuela ikusiko, hau esango dozuen eguna heldu arte: "Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena!"»