Bat bakarra da gorputza, bat bakarra Jauna, bat sinesmena, bat Bateoa.
Senideok: Nik, Jaunagaitik preso nagoan honek, eskatzen deutsuet, bizi zaitezela hartu dozuen bokazinoari jagokonez. Izan beti apal, otzan eta jasankor, alkar maitekiro eroanez. Ahalegindu zaiteze Espirituak sortzen dauan batasunari eusten, bakearen lokarriz.
Bat bakarra da gorputza eta bat bakarra Espiritua, Jainkoak egin deutsuen deiari jagokon itxaropena ere bat bakarra dan lez. Bat bakarra Jauna, bat bakarra sinesmena, bat bakarra bateoa; bat bakarra guztien Jainkoa eta Aita, guztien gainetik dagoana, guztien bidez diharduana eta guztiakan bizi dana.
R/ Hau da, Jauna, zure aurpegi bila dabiltzanen taldea.
V/.
Jaunarena da lurra, eta lurra betetzen dauana,
mundua eta bertan bizi diranak,
harek ezarri dau-eta itsasoen gainean,
harek finkatu lur azpiko ibaien gainean. R/.
V/.
Jaunaren mendira nork igongo?
Haren toki santuan nor egongo?
Eskuak erru barik eta bihotza garbi dituana,
sasijainkoetara jotzen ez dauana. R/.
V/.
Holakoa bedeinkatuko dau Jaunak,
justizia egingo deutsa Jainko salbatzaileak.
Hau da haren bila ahalegintzen dan gizaldia,
Jakoben Jainkoaren aurpegi bila dabilena. R/.
Badakizue lurrari eta zeruari antzemoten, eta zelan ez deutsaozue antzemoten oraingo sasoi honi?
Aldi haretan, Jesusek esan eutsan jenteari: «Sartaldean lainoa ikusi orduko, "Euria dator" esaten dozue, eta holan jazoten da. Hegoak joten dauanean, barriz, "Sargoria dogu" esaten dozue, eta jazo egiten da. Itxurazaleok! Badakizue zeru-lurren itxureari antzemoten, eta zelan ez deutsazue antzemoten sasoi honi?
Zergaitik ez dozue zeuen kabuz zuzen dana erabagiten? Esate baterako, zeure arerioagaz auzitegira zoazala, ahalegindu zaitez bidean haregaz konponbidea aurkitzen; bestela, epaileagana eroango zaitu eta epaileak ertzainaren esku jarriko, eta ertzainak kartzelara botako. Hara zer dinotsuedan: ez dozu handik urtengo, azken xentimoa ordaindu arte».