Fedetik bizi diranek hartzen dabe bedeinkazinoa Abraham sinistedunagaz batera.
SENIDEOK: Jakin egizue, fedetik bizi diranak, horreek dirala Abrahamen benetako ondorengo. Aldez aurretik ikusi eban Liburu Santuak, Jainkoak fedeagaitik hartuko ebazala zuzentzat jentilak; holan, aldez aurretik adierazo eutson Abrahami barri on hau: «Zure bitartez bedeinkatuko ditut herri guztiak». Holan, ba, fedetik bizi diranek hartzen dabe bedeinkazinoa Abraham sinistedunagaz batera.
Legeko egintzetan oinarritzen diranak, barriz, madarikazinopean dagoz; hau dino, esan be, Liburu Santuak: «Madarikatua legeko liburuan idatzitako guztiak gogoan hartzen eta betetzen ez dituana». Gauza agiria da Jainkoak ez dauala inor legea betetzeagaitik zuzentzat hartzen; izan be Liburu Santuak dino: «Zintzoa bere fedeari esker biziko da». Legearen bideak, ostera, ez dau zerikusirik fedearen bideagaz. Baina, Liburu Santuak dinoan lez, «legeko aginduak betetzen dituana, eurei esker biziko da».
R/ Handiak dira Jaunak eginak.
edo Alleluia
Bihotz-bihotzez emoten deutsadaz eskerrak Jaunari,
zintzoekin batera batzarrean alkarturik.
Jaunak eginak handi dira,
gogoko dabezan guztientzat aztergai. R/.
Ospetsu eta eder haren ekintza,
betiko dirau haren salbamen-asmoak.
Bere mirariak gogoangarriak egin ditu:
errukiorra da Jauna eta bihozbera. R/.
Begirune deutsoenei janaria emoten deutse,
gogoan dau beti bere ituna.
Egintzetan agertu deutso bere indarra herriari,
beste nazinoen lurraldeak emonez berari. R/.
Nik deabruak Jainkoaren eskuz botaten baditut, heldu da Jainkoaren erreinua zuen artera.
Aldi haretan, Jesusek deabru bat bota ondoren, jendarteko batzuek inoen: «Deabruen buruzagi dan Beeltzebulen indarrez botaten ditu Honek deabruak». Beste batzuek, azpikeriaz, Jainkoagandiko seinale bat eskatzen eutsoen.. Igarri eutsezan Jesusek euren burutazinoak eta esan eutsen: «Bere barruan zatiturik dagoan erreinua erraustu egingo da eta etxea etxearen gain jausiko. Era berean Satanas ere: bere barruan zatiturik badago, zelan iraun daike haren erreinuak? Zuek dinozuenez, Nik deabruak Beeltzebulen indarrez botaten ditut. Baina Nik deabruak Beeltzebulen indarrez botaten baditut, noren indarrez botaten dabez zuen ikasleek? Horregaitik, zeuen ikasleak izango dozuez epaile. Baina Nik deabruak Jainkoaren indarrez botaten baditut, garbi dago heldu dala zuen artera Jainkoaren erreinua.
Gizon indartsu batek, armaturik, bere jauregia zaintzen dauan bitartean, seguru daukoz bere ondasunak. Baina indartsuago batek eraso eta menperatzen badau, segurantzea emoten eutsoen armak kendu eta hari harrapatutako gauzak banatu egingo ditu. Nire alde ez dagoana nire kontra dago, eta Nigaz batzen ez dauanak sakabanatzen dihardu.
Espiritu txarra, norbaitegandik urten ondoren, leku idorretan zehar ibili ohi da atseden bila; baina aurkitzen ez dauala, bere buruari esaten deutso: "Bihurtu naiten urten nebaneko neure etxera". Heltzean, etxea garbituta eta apainduta aurkitzen dau. Orduan, joan eta beste zazpi espiritu hartzen ditu, bera baino txarragoak, eta gizakiagan sartu eta bertan jarten da bizi izaten. Holan, pertsona horren azken egoerea lehengoa baino okerragoa izaten da».