Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XXVI. Asteko Larunbata

Urtean Zehar Asteguna A zikloa II urtea
🔍 Bilatu

Orain, neure begiz ikusi zaitut! Beraz, damutzen naz esandakoaz.

J

OBEK erantzun eutson Jaunari:

«Badakit dana zeinkela Zuk,

ez dagoala ezinezko egitamurik Zuretzat.

Zeuk esana da:

“Nor da nire egitasmoa amatatzen dauana, ezer jakin barik?”

Bai, jakin barik berba egin dot

ulertu ezin dodazan misterioei buruz.

Entzutez bakarrik ezagutzen zindudazan;

orain neure begiz ikusi zaitut!

Beraz, damutzen naz esandakoaz,

hautsean eta errautsean jesarrita».

Ondorengo urteetan aurrekoetan baino oparoago bedeinkatu eban Jaunak

Job: hamaika mila ardi, sei mila gamelu, mila idi-pare eta mila asteme izan

ebazan. Zazpi seme eta hiru alaba be izan ebazan. Alaba zaharrenari Usoa

jarri eutson izena, bigarrenari Kanela Lorea, eta hirugarrenari Lurrunontzi.

Ez zan herrialde osoan Joben alabak baino emakume ederragorik; eta

semeak lez, oinordeko egin ebazan Jobek.

Harrezkero, ehun eta berrogei urtez bizi izan zan Job, eta bere seme-

alabak eta seme-alaben seme-alabak laugarren belaunaldira arte ikusi ahal

izan ebazan. Zahartuta eta urtetsu hil zan Job.

Jaunak esana.

R/ Erakutsi, Jauna, aurpegia argi zure morroiari.

Irakatsi niri ondo bereizten eta ezagutzen,

fidatzen naz-eta zure aginduez.

On egin deust atsekabetua izateak, zure arauak ikasteko. R/.

Badakit, Jauna, zure erabagiak zuzenak dirala,

leialtasunez atsekabetu nozula.

Gaur arte diraue gauza guztiek zure erabagiz,

danak menpeko dozuz-eta. R/.

Zeure zerbitzari nozu: emoidazu adimena,

eta ezagutuko ditut zure aginduak.

Argigarri da zure hitzen adierazpena:

adimena emoten deutse ezikasiei. R/.

Poztu zaiteze, zuen izenak zeruetan idatzita dagozalako.

Aldi haretan, hirurogeita hamabi ikasleak pozez beterik bihurtu ziran, eta esan eutsoen Jesusi: «Jauna, deabruak ere menpean jarten jakuz zure izenean».

Jesusek erantzun eutsen: «Tximistea lez zerutik jausten ikusi dot Satanas. Begira, sugeak eta eskorpioiak zapaltzeko eta arerioaren indar guztiak menperatzeko ahalmena emon deutsuet, eta ezin izango deutsue ezerk ere kalterik egin. Holan ere, ez poztu espirituak menpean jarten jatzuezalako; poztu, bai, zuen izenak zeruan idatzirik dagozalako».

Une haretan, Jesusek, Espiritu Santuaren pozez beterik, esan eban: «Bedeinkatua Zu, Aita, zeru-lurren Jauna, gauza honeek jakintsuei gorde eta jente apalari agertu deutsazuzalako. Bai, Aita, holan izan dozu gogoko. Nire Aitak dana emon deust, eta ez dau inork ezagutzen Semea nor dan, Aitak baino; ezta Aita nor dan ere, Semeak baino eta Semeak agertu gura deutsanak baino».