Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zehar XVI Igandea

Urtean Zehar Igandea A zikloa II urtea
🔍 Bilatu

Pekatuen ondoren damu bidea emoten dozu.

Ez da gauza guztiez arduratzen dan Zu beste jainkorik,

ez dozu zure epaia zuzena dala inori frogatu beharrik.

Zure indarra da justiziaren oinarria,

eta gauza guztien nagusi izateak

guztiekin errukior izatera zaroaz.

Guztiz ahaltsu zarala sinesten ez dabenei

zeure indarra erakusten deutsezu,

eta, nahiz eta zure indar hori autortu,

ausardiaz jokatzen dabenak salatzen (nahasten) dozuz;

baina Zuk, zeure indarraren nagusi zaran Horrek,

neurritasunez epaitzen dozu

eta bihozberatasun handiz gobernatzen;

zeure esku dozu nahi dozunean indarraz baliatzea.

Holan jokatuz erakutsi deutsazu zeure herriari

gizon zuzenak gizakiaren adiskide izan behar dauala,

eta, pekatariei bihozbarritzeko aukera emonez,

itxaropenez bete dozuz zeure seme-alabak.

R/ Ona zara, Jauna, eta errukiorra.

Ona zara, Jauna, eta parkabera,

dei egiten deutsuenentzat ondoguraz betea.

Entzun nire otoitza, Jauna,

egin jaramon nire erregu-oihuari. R/.

Egin dozuzan nazino guztiak

zure aurrean ahuspeztera etorriko dira, Jauna,

eta zure izena ospatzera.

Handia zara, eta mirarigilea,

Zeu bakarrik Jainkoa. R/.

Baina Zu, Jauna, Jainko bihozbera eta errukiorra, *

hasarregaitza, ondoguraz eta leialtasunez betea,

bihurtu nigana eta erruki zakidaz. R/.

Espirituak eskatzen dau gure alde, esan ezin ahalako intziriz.

Senideok: Era berean, Espiritua jatorku geure makaltasunean lagun, guk ez dakigu-eta behar dan lez otoitz egiten; baina Espirituak berak erregutzen dau gure alde, esan ezin ahalako intziriz. Eta bihotzak aztertzen dituan Jainkoak ezagutzen dau zein dan Espirituaren gogoa, Espirituak Jainkoaren asmoen erara erregutzen dau-eta fededunen alde.

Itzi biak batera hazten uzta arte.

Aldi haretan, parabola hau esan eutsan Jesusek jenteari: «Zeruetako erreinuagaz gizon batek soloan hazi ona erein ebanean lez jazoten da. Jentea lo egoala, etorri zan arerioa eta gari artean galbedarra erein eta alde egin eban.

Garia hazi eta burutu zanean, han azaldu zan galbedarra ere. Joan ziran, orduan, morroiak etxeko nagusiagana eta esan eutsoen: "Jauna, ez al zenduan hazi ona erein soloan? Nondik dau, bada, galbedarra?" Nagusiak erantzun eutsen: "Arerioaren lana da hori". Morroiek, orduan: "Joango al gara galbedarra batzera?" Eta nagusiak: "Ez! Ez daitela jazo, galbedarra batzean garia ere ataratea. Itzi biak batera hazten uztaroa heldu arte; orduan, igitariei esango deutset: Batu lehenengo galbedarra, lotu eta erre; garia, barriz, jaso nire garautegira"».