Zerbitzari dau Elias Israelen Jainkoak.
EGUN hareetan, Galaad eskualdean egoan Tixbe herriko Elias profetak
esan eutson Akab erregeari: «Ala Jauna, ni zerbitzari nauan Israelen
Jainkoa! Horra, ez dau iruntzik, ez euririk egingo hurrengo urteetan, Nik
aginduta ez bada».
Jaunak honan hitz egin eutson Eliasi: «Abiatu zaitez hemendik, zoaz
sortalderantz eta ezkutatu zaitez Jordan ibaiaz bestaldean dagoan Kerit
errekan. Errekatik edango dozu, eta zuri han jaten emoteko agindu deutset
beleei». Beraz, Elias abiatu eta, Jaunak agindu eutson lez, Jordan ibaiaz
bestaldean dagoan Kerit errekan gelditu zan. Beleek ogia eta haragia
ekartzen eutsoen goiz eta arratsalde, eta errekatik edaten eban.
R/ Gure laguntza Jaunaren izena, zeru-lurrak egin dituenarena.
Mendietara ditut jasoten begiok:
nondik etorriko ete jat laguntza?
Laguntza Jaunagandik datorkit,
zeru-lurrak egin zituan Haregandik. R/.
Jaunak ez deutsu jausten itziko,
zure zaintzailea ez dago lo.
Ez du inoiz lorik egiten
Israelen zaintzaileak. R/.
Jauna dozu zaintzaile, Jauna kerizpe:
alboan dozu beti.
Ez deutsu txarrik egingo eguzkiak egunez,
ezta ilargiak ere gauez. R/.
Jaunak zainduko zaitu gaitz guztitik,
zainduko dau zure bizia.
Jaunak zainduko ditu zure ibilera guztiak
oraindanik betidaino. R/.
Zorionekoak gogoz behartsu diranak.
Aldi haretan, jentetza ikusirik, Jesusek mendira igon eban. Jesarri eta ikasleak inguratu jakozan. Orduan, honan hasi jaken irakasten:
«Zorionekoak gogoz behartsu diranak,
eurena dabe-eta Jainkoaren erreinua.
Zorionekoak atsekabetuak,
Eurak kontsolatuko ditu-eta Jainkoak.
Zorionekoak apalak,
eurek izango dabe-eta agindutako lurra ondare.
Zorionekoak zuzentasunaren gose eta egarri diranak,
Eurak aseko ditu-eta Jainkoak.
Zorionekoak errukitsuak,
eurak izango ditu-eta erruki Jainkoak.
Zorionekoak bihotzez garbi diranak,
eurek ikusiko dabe-eta Jainkoa.
Zorionekoak bakegileak,
Jainkoaren seme-alaba izango dira-eta.
Zorionekoak zuzentasunagaitik erasotuak,
eurena dabe-eta Jainkoaren erreinua.
Zorionekoak zuek, Nigaitik madarikatuko zaitueenean, erasoka eta guzurrez txarto esaka erabiliko zaitueenean. Poztu zaiteze eta alaitu, handia izango da-eta zuen saria zeruetan».