Sasijainkoetatik Jainkoagana bihurtu zineen, Honek berbiztutako bere Semea noiz etorriko dan zain egoteko.
Paulo, Silvano eta Timoteok, Jainko Aitagaz eta Jesu Kristo Jaunagaz bat eginik dagoan Tesalonikako eleiz alkarteari: grazia eta bakea zuei.
Eskerrak emoten deutsaguz beti Jainkoari zuek guztiokaitik, gure otoitzetan gogoan zaituegula. Jainko gure Aitaren aurrean gogora dakartzogu eten barik zuen sinesmen ekintzailea, zuen maitasun arduratsua eta Jesu Kristo gure Jaunagan dozuen itxaropen iraunkorra.
Badakigu, senideok, Jainkoaren maiteok, Berak aukeratu zaituela. Izan ere, guk zuei iragarritako Barriona ez jatzuen berba hutsez emon, Espiritu Santuaren indar beteaz baino. Ondo dakizue zuen artean egin genduan guztia zuen onerako izan zala.
Bazter guztietara heldu da Jainkoagan dozuen sinesmenaren entzutea, guk ezer esan behar barik. Izan ere, eurek kontatzen dabe zelako harrera egin zeunskuen zuokana joan ginenean eta zelan, sasijainkoak itzirik, Jainko bizi eta egiazkoagana bihurtu zineen, Berau zerbitzeko eta zerutik etorriko dan beraren Seme Jesusen zain egoteko. Jainkoak hildakoen artetik biztu eban Jesus, eta Honek askatu gaitu etortekoa dan hasarre-zigorretik.
R/ Maite dau Jaunak bere herria.
Kanta Jaunari kantu barria,
kanta haren gorapena fededunen batzarrean.
Poztu bedi Israel bere Egileaz,
alaitu siondarrak euren Erregeaz. R/.
Goratu begie haren izena dantza eginez,
jo begire Harentzat danbolina eta zitara.
Maite dau-eta Jaunak bere herria,
garaipenez jantziko ditu umilak. R/.
Alaitu bediz fededunak Jainko ospetsuaz,
egin begie pozez oihu euren etzalekuetan.
Bego Jainkoaren gorapena hareen eztarrian.
Ohorea da haren fededun guztientzat. R/.
Zoritxarrekoak zuek, bide erakusle itsuok!
Aldi haretan, honan berba egin eban Jesusek: «Ai zuek, lege-maisu eta fariseu itxurazaleok, jenteari zeruetako erreinuko sarrerea ixten deutsazuenok. Zeuek ez zaree sartzen eta sartu gura dabenei ez deutsezue izten.
Ai zuek, lege-maisu eta fariseu itxurazaleok! Norbait judubarri egiteagaitik itsaso eta lehor zabilze eta, egin dozuenean, zeuek baino birritan gaiagoa bihurtzen dozue infernurako.
Ai zuek, gidari itsuok! Honan irakasten dozue: "Tenpluagaitik zin egiteak ez dau baliorik; tenpluko urreagaitik zin egiteak, ostera, behartu egiten dau". Zoro itsuok halakook! Zer da handiagoa, urrea ala urrea sagaratzen dauan tenplua? Beste hau ere irakasten dozue: "Altareagaitik zin egiteak ez dau baliorik; altara gaineko opariagaitik zin egiteak, ostera, behartu egiten dau". Itsuok halakook! Zer da handiagoa, oparia ala oparia sagaratzen dauan altarea? Altareagaitik zin egiten dauanak, altareagaitik eta gainean dagoan guztiagaitik egiten dau zin; tenpluagaitik zin egiten dauanak, tenpluagaitik eta bertan bizi dan Jainkoagaitik egiten dau zin; zeruagaitik zin egiten dauanak, Jainkoaren tronuagaitik eta bertan jesarrita dagoanagaitik egiten dau zin».
Liburu honen irakurgai guztiak lezionarioan: Mateo →