Jaunak buruzagiak sortuarazo ebazan, baina israeldarrek ez eutsien jaramonik egin buruzagiei be.
EGUN hareetan, Jaunari atsegin ez jakona egin eben israeldarrek, Baal
sasijainkoaren idoloak gurtuz. Egiptotik atara ebazan Jauna, euren
asaben Jainkoa, baztertu eta inguruan bizi ziran herrietako jainko arrotzen
ondoren joan ziran, hareen aurrean ahuspeztuz; holan, Jaunaren hasarrea
biztu eben. Beraz, Jauna baztertu eta Baalen eta Astarteren idoloak gurtu
ebezan.
Jaunak, Israelen aurka biziro hasarraturik, lapurren esku itzi ebazan, eta
honeek lapurreta egin eutsien; Jaunak inguruetako arerioei saldu eutsezan,
eta israeldarrek ezin izan eutsoen eutsi arerioen aurrean. Burrukara joatean,
beti galtzaile ataratzen ziran, euren aurka eben-eta Jauna, berak zin eginez
esan eutsen lez. Israeldarrak gero eta estuago egozan.
Orduan, Jaunak buruzagiak sortuarazo ebazan, israeldarrak lapurren
eskuetatik libratzeko. Baina israeldarrek ez eutsien jaramonik egin
buruzagiei be eta desleial izan ziran Jaunagaz, jainko arrotzak gurtuz eta
hareen aurrean ahuspeztuz. Behingoan aldendu ziran euren asaben bidetik;
honeek Jaunaren aginduak obedidu ebezan, baina ondorengoek ez eben
bardin jokatu.
Jaunak buruzagiren bat sortzen ebanean, buruzagiagaz izaten zan Jauna,
eta, ha bizi zan bitartean, salbatu egiten ebazan arerioen eskuetatik, errukitu
egiten zan-eta israeldarrak zapaltzaileen menpean negarrez ikustean.
Baina, buruzagia hiltzean, gaiztotu egiten ziran barriro israeldarrak, euren
gurasoak baino okerrago jokatuz: beste jainko batzuen atzetik joaten ziran
eta gurtu egiten ebezan, hareen aurrean ahuspeztuz. Ez eben aldatzen euren
jarduera gaiztoa és jokabide setatsua.
Jaunak esana.
R/ Gogoratu gutaz, Jauna, zeure herriaganako onginahiagaitik.
V/.
Ez ebezan herriak hondatu,
Jaunak agindu eutsen lez.
Jentilekin nahastu ziran
eta hareen ohiturak ikasi ebezan. R/.
V/.
Hareen idoloak gurtu ebezan
eta galbide izan jakezan horreek.
Euren seme-alabak
opari eskeini eutsiezan deabruei. R/.
V/.
Holan jokatuz, euren buruak kutsatu
eta Jainkoari desleial izan jakozan.
Biztu zan Jainkoaren hasarrea bere herriaren aurka
eta zapuztu egin eban bere ondarea. R/.
V/.
Hamaika aldiz libratu ebazan;
baina hareek, euren jarreran setatsu.
Ikusi eban, halan be, Jaunak hareen larrialdia
eta entzun ebazan hareen garrasiak. R/.
On-ona izan nahi badozu, zoaz, saldu dozuzenak, eta izango dozu zeruan gordailu bat.
Aldi haretan, gazte batek Jesusegana hurreratu eta esan eutsan: «Maisu, zer onik egin behar dot, betiko bizia eskuratzeko?» Jesusek erantzun eutsan: «Zergaitik itauntzen deustazu onari buruz? Jainkoa bakarrik da ona. Betiko bizian sartu nahi badozu, bete aginduak».
Harek, barriz: «Zein agindu?» Eta Jesusek: «Ez hil inor, ez egin adulteriorik, ez ostu, ez egin guzurrezko testigantzarik, hartu aintzat aitamak, eta maitatu lagun hurkoa zeure burua lez».
Gazteak, orduan: «Guzti hori bete dot; zer falta dot oraindino?» Jesusek erantzun eutsan: «Guztiz ona izan nahi badozu, zoaz, saldu zeure ondasunak eta emon behartsuei, eta altxorra izango dozu zeruan; gero, zatoz eta jarraitu Niri».
Berba honeek entzutean, nahigabeturik joan zan gaztea, ondasun handien jabe zan-eta.
Liburu honen irakurgai guztiak lezionarioan: Mateo →