Jubileu urtean, bakotxa lehen bereak ebazanen jabe egingo da barriro.
Hau esan eutsan Jaunak Moisesi Sinai mendian: «Kontau egizuz zazpi asteko egunak adina urte: zazpi bider zazpi, hau da, berrogeita bederatzi urte. Aldi horren buruan, zazpigarren hilaren hamarrean, Parkamen-egunean, adarra joazoko dozu ozen lurralde guztian. Berrogeita hamargarren urtea urte santutzat hartuko dozue eta jubileu-urtea izango da. Urte horretan askapena iragarriko dozue lurraldeko biztanle guztientzat: nork bere lurren jabetza berreskuratuko dau eta bere senitartera bihurtuko da. Holan, bada, berrogeita hamar urtetik berrogeita hamar urtera jubileu-urtea ospatuko dozue: urte horretan ez dozue ezer ereingo, ez berez ernetakorik ebagiko, ezta batuko ere inausi barik itzitako mahastietan. Jubileu-urtea izango da-eta, urte santua zuentzat. Lurrak berez emoten dauana jango dozue.
Jubileu-urtean, zuetako bakotxak bere lurren jabetza berreskuratuko dau. Beraz, herritarren artean ezer saltzean edo erostean, ez egin kalterik batak besteari. Salerosketak egitean, izan kontuan azken jubileu-urtetik hona igarotako urteak eta hurrengora arte falta diranak: zenbat eta urte gehiago falta, hainbat eta handiagoa prezioa, eta zenbat eta urte gitxiago falta, hainbat eta txikiagoa prezioa; saltzen dana gelditzen diran uztak dira-eta.
Ez begio inork herritarrari kalterik egin; holan erakutsiko dozu begirunea deutsazula zeure Jainkoari. Neu naz Jauna, zuen Jainkoa.
R/ Ene Jainko, ospatu zagiezala herriek, ospatu zagiezala herri guztiek.
Erruki bekigu Jainkoa, bedeinkatu gagizala,
Agertu deigula aurpegi alaia;
ezagutu dagien lurrean zure bidea,
herri guztietan Zugandiko salbamena. R/.
Poztu bediz kantari atzerriak,
zuzenbidez daroazu-eta izadia;
zintzo dozuz-eta gidatzen herriak,
eta zaintzen lurrean atzerriak. R/.
Lurrak bere uzta emon dau,
Jainkoak, gure Jainkoak, bedeinkatzen gaitu.
Jainkoak bedeinkatu gagizala,
lur-bazter guztiek bildur deutsoela. R/.
Herodesek Joani samea ebagiazo eutsan; eta haren ikasleak Jesusi barri emotera joan ziran.
Aldi haretan, Jesusen barri jakin eban Herodes Galileako gobernariak, eta esan eutsen bere zerbitzariei: «Joan Bateatzailea da! Hildakoen artetik biztu da, eta horregaitik dauko mirariak egiteko ahalmen hori».
Izan ere, Herodesek Joan harrapatu eta, loturik, kartzelan sartuta eukan, Herodias zala-eta. Herodesen anaia Filiporen emaztea zan Herodias. Joanek honan esaten eutsan Herodesi: «Ez jatzu zilegi emazte hori eukitea». Herodesek hil egin nahi eban, baina jentearen bildur zan, profetatzat euken-eta danek.
Baina Herodesen urtebetetean, Herodiasen alabeak dantzan egin eban guztien aurrean eta atsegin izan jakon Herodesi. Haregaitik, eskatu ahala guztia emongo eutsala agindu eutsan neskatileari zin eginez. Neskatileak, bere amaren aholkuari jarraituz, esan eutsan Herodesi: «Emoidazu oraintxe bertan Joan Bateatzailearen burua platerean». Ilun jarri zan erregea; baina mahakideen aurrean egindako zinagaitik, eskatutakoa emoteko agindu eban, eta Joani samea ebagi eutsoen kartzelan. Platerean burua ekarri eta neskatileari emon eutsoen, eta neskatileak amari.
Joanen ikasleek haren gorpua jasotera etorri eta lur emon eutsoen; gero, Jesusi barri emotera joan ziran.
Liburu honen irakurgai guztiak lezionarioan: Mateo →