Odol hau Jaunak zuekin burutu dauan itunaren ezaugarria da.
Egun hareetan, Moisesek Jaunaren berba eta erabagi guztiak jakinarazo eutsozan herriari, eta herri osoak, aho batez, erantzun eutsan: «Jaunak esandako guztia egingo dogu».
Jaunak esandako guztia idatzi eutsen Moisesek. Biharamunean, goizean goiz jagirik, altarea eraiki eban mendiaren oinean, eta hamabi zutarri ipini ebazan Israelgo hamabi leinuen izenean. Ondoren, zekorrak hil eta Jaunari erre-opari eta alkartasun-oparitzat eskeintzeko agindu eutsen israeldar gazte batzuei. Odolaren erdia hartu eta ontzietan ipini eban Moisesek, eta beste erdia altara gainean isuri.
Gero, itun-liburua hartu eta herriari irakurri eutsan. Herriak erantzun eban: «Obedituko dogu eta beteko Jaunak esandako guztia». Odola hartu eta herriaren gain txipriztindu eban Moisesek, esanez: «Odol hau da xedapen honeen guztien arabera Jaunak zuekin burutu dauan itunaren ezaugarria».
R/ Zuzen dabilanari deutsat Jainko-salbamena erakusten.
Jaunak, jainkoen Jainkoak, berba egiten dau:
dei egiten deutso lurrari batzarrera
eguzkiaren sorlekutik sarlekura.
Siondik, edertasun beteko menditik,
dirdaitsu agiri da Jainkoa. R/.
«Batu nire fededunak,
sakrifizioa eskeiniz nigaz ituna egin ebenak».
Iragarri begi zeruak haren justizia,
Jainkoa bera da epaile. R/.
Eskeini esker oneko oparia Jainkoari,
bete zeure promesak Goi-goikoari.
Dei egidazu larrialdian:
libratuko zaitut, eta zuk goratu egingo nozu». R/.
Itzi biak batera hazten uzta arte.
Aldi haretan, parabola hau esan eutsan Jesusek jenteari: «Zeruetako erreinuagaz gizon batek soloan hazi ona erein ebanean lez jazoten da. Jentea lo egoala, etorri zan arerioa eta gari artean galbedarra erein eta alde egin eban.
Garia hazi eta burutu zanean, han azaldu zan galbedarra ere. Joan ziran, orduan, morroiak etxeko nagusiagana eta esan eutsoen: "Jauna, ez al zenduan hazi ona erein soloan? Nondik dau, bada, galbedarra?" Nagusiak erantzun eutsen: "Arerioaren lana da hori". Morroiek, orduan: "Joango al gara galbedarra batzera?" Eta nagusiak: "Ez! Ez daitela jazo, galbedarra batzean garia ere ataratea. Itzi biak batera hazten uztaroa heldu arte; orduan, igitariei esango deutset: Batu lehenengo galbedarra, lotu eta erre; garia, barriz, jaso nire garautegira"».
Liburu honen irakurgai guztiak lezionarioan: Mateo →