Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XVI. Asteko Asteazkena

Urtean Zehar Asteguna B zikloa I urtea
🔍 Bilatu

Ogi-euria eginarazoko dot Nik zuentzat zerutik.

Israeldarren alkarte osoa, Elimetik urten eta, Elim eta Sinai mendiaren artean dagoan Sin basamortura heldu zan. Bigarren hilaren hamabosta zan Egiptotik urten ebenetik.

Han, basamortuan, israeldarren alkarte osoa marmarrean hasi zan Moisesen eta Aaronen aurka, esanez: «Hobe geunke Jaunak Egipton hilazo baginduz, haragi-lapiko aurrean jesarri eta ogia asetzeraino jaten genduanean! Zuek, ostera, alkarte osoa goseak hilteko ekarri gaituzue basamortu honetara!»

Orduan, Jaunak esan eutsan Moisesi: «Janaria euria lez jausiazoko deutsuet zerutik. Herriak egunean egunekoa batzera urtengo dau. Probatu egingo dot, ea nire legearen arabera dabilen ala ez. Seigarren egunean, batutakoa prestatzean, beste egunetakoa halako bi izango da».

Moisesek esan eutsan Aaroni: «Esaiozu israeldarren alkarte osoari Jaunaren aurrera hurreratzeko, entzun dau-eta Harek hareen marmarra». Aaronek eurei berbetan ziharduala, basamorturantz begiratu eben, eta hara non agertu zan Jaunaren aintza hodei batean.

Jaunak esan eutsan Moisesi: «Entzun ditut israeldarren marmarrak. Esaiezu: "Arratsaldean haragia jango dozue, eta bihar goizean ogiz aseko zaree, eta jakingo dozue Neu nazala Jauna, zuen Jainkoa"».

Arratsaldean, galeperrak etorri ziran eta kanpaleku osoa estaldu eben, eta biharamun-goizean iruntz-geruza azaldu zan kanpaleku inguruan. Iruntza desagertu zanean, izotzaren itxurako zerbait, xehea eta garautsua, azaldu zan lur gainean. Ha ikustean, alkarri itaunka hasi ziran israeldarrak: «Zer da hau?» Ez ekien-eta zer zan.

Moisesek esan eutsen: «Jaunak janaritzat emoten deutsuen ogia da hau».

R/ Zeruko ogia emon eutsen Jaunak

Jainkoa tentatu eben euren bihotzetan,

euren gogoko janaria eskatuz.

Jainkoaren aurka berba egin eben, esanez:

«Gauza ete da Jainkoa

guri basamortuan jatordua emoteko? R/.

Orduan, hodeiei agindu eutsen goitik,

eta zeruko ateak edegi zituan;

mana isuri eutsen janari,

zeruko ogia emon eutsen;

aingeruen ogia jan eban gizakiak,

asetzeko lain janari emon eutsen Jainkoak. R/.

Gero, sortaldeko haizea atara eban zerutik,

eta hego-haizea bialdu bere babeslekutik;

hautsa baizen ugari isuri eutsen haragia,

itsas hondarra baizen oparo hegaztia;

kanpalekuaren erdira bertara jausiazo zituan,

oihal-txabolen ingurura. R/.

Emon eben alea: batzuek bateko ehun.

Egun haretan, Jesus etxetik urten eta itsasertzean jesarri zan. Eta hainbeste jente batu jakonez inguruan, txalupa batera igon eta bertan jesarri zan. Jente-taldea, barriz, hondartzan egoan. Gauza asko esan eutsen parabolatan berba eginez:

«Behin batean, urten eban ereilea hazia ereitera. Ereitean, ale batzuk bide-bazterrean jausi ziran, eta txoriek etorri eta jan egin ebezan. Beste batzuk harri artean jausi ziran, lur handirik ez zan lekuan, eta azaleko lurra izanik, bat-batean erne ziran; baina eguzkiak jo orduko, erre egin ziran eta, zuztarrik ez ebelako, ihartu.

Beste ale batzuk sasi artean jausi ziran, eta sasiek, haztean, ito egin ebezan haziak. Gainerakoak lur onean jausi ziran, eta frutua emon eben: bateko ehun, hirurogei nahiz hogeita hamar. Belarririk dauanak, entzun begi».