Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Igokunde Igandea

Pazkoaldia Solemnitatea B zikloa
🔍 Bilatu

Gorantz igon eban Jesusek hareen begi aurrean.

Teofilo maitea: Neure lehenengo liburuan, hasieratik zerura jasoa izan zan egunerarte Jesusek egin eta irakatsi eban guztia idatzi neban. Zerura igon aurretik, Espiritu Santuaren eraginez aginduak emon eutsezan Berak aukeratutako apostoluei. Jesus apostoluei agertu jaken bere nekaldiaren ostean eta bizirik egoaneko froga asko emon eutsezan, berrogei egunez bere burua ikustera emonez eta Jainkoaren erreinuaz berba eginez.

Hareekin bazkaltzen ziharduan batean, honan agindu eutsen: «Ez alde Jerusalemdik. Zagoze han Nik Aitaren partetik egin deutsuedan agintzariaren zain. Joanek urez bateatu eban; baina zuek Espiritu Santuaz izango zaree bateatuak egun gitxi barru».

Orduan, baturik egozanek itaundu eutsoen: «Jauna, orain ezarriko al dozu barriro Israelgo erreinua?» Jesusek erantzun eutsen: «Aitak bakarrik dau hori erabagiteko ahalmena, eta ez dago zuen esku zein aldi edo unetan jazoko dan jakitea. Baina zuen gain jatsiko dan Espiritu Santuaren indarra hartuko dozue, eta nire lekuko izango zaree Jerusalemen, Judea osoan, Samarian eta lurraren azken mugaraino».

Hori esanik, gorantz igon eban Jesusek hareen begi aurrean, hodei batek begietatik ezkutatu eutsen arte. Oraindino zerura zelan joian begira-begira egozala, zuriz jantzitako gizaseme bi azaldu jakezan ondoan, eta esan eutseen: «Galilearrok, zertan zagoze hor zerura begira? Zuen ondotik zerura jasoa izan dan Jesus hori, zerura joaten ikusi dozuen lez etorriko da barriro».

R/ Oihu alaien artean igon dau Jainkoak, turuta soinuz Jauna.

Herri guztiok, txalo jo egizue,

Jainkoari irrintzi egiozue.

Goi-goiko Jauna, izan ere, izugarri,

lurbira osoan errege handi. R/.

Oihu alaien artean igon dau Jainkoak,

turuta soinuz Jaunak.

Eresi Jainkoari, eresi,

eresi gure erregeari, eresi. R/.

Jainkoa da-eta lurbira osoan errege,

egiozue jator gorazarre.

Jainkoa errege da atzerrietan,

jesarrita dago Jainkoa bere aulki santuan. R/.

Harek berak egin ditu batzuk apostolu, beste batzuk ebanjelari.

Senideok: Nik, Jaunagaitik preso nagoan honek, eskatzen deutsuet, bizi zaitezela hartu dozuen bokazinoari dagokionez. Izan beti apal, otzan eta jasankor, alkar maitekiro eroanez. Ahalegindu zaiteze Espirituak sortzen dauan batasunari eusten, bakearen lokarriz.

Bat bakarra da gorputza eta bat bakarra Espiritua, Jainkoak egin deutsuen deiari dagokion itxaropena ere bat bakarra dan lez. Bat bakarra Jauna, bat bakarra sinesmena, bat bakarra bataioa; bat bakarra guztien Jainkoa eta Aita, guztien gainetik dagoana, guztien bidez diharduana eta guztiengan bizi dana.

Gutako bakoitzak Kristok emon gura izan deutson neurrian hartu dau dohaina. Bera da batzuk apostolu egin zituana, beste batzuk profeta, beste batzuk Barrionaren iragarlee, beste batzuk artzain eta irakasle; holan gai egiten ditu fededunak euren zerbitzu-lanerako eta Kristoren gorputza eregiteko, harik eta guztiok Jainkoaren Semearen sinesmen eta ezagutza berbera izatera heldu arte, heldutasun beteko pertsona, Kristoren betetasunaren neurriko izatera heldu arte.

Iragarri Barriona gizaki guztiei.

Aldi haretan, Jesus Hamaikei agertu jaken, eta esan eutsen: «Zoaze mundu guztira eta iragarri Barriona izaki guztiei. Sinestu eta bateatzen dana salbatu egingo da; sinesten ez dauana, barriz, kondenatu. Sinesten dabenek seinale honeek izango dabez lagun: nire izenean deabruak botako dabez, hizkuntza barrietan berba egingo dabe, sugeak eskuetan hartuko dabez eta, edari hilgarriren bat edanda ere, ez deutse kalterik egingo; gaixoei eskuak ezarriko deutseez eta osatu egingo dira».

Holan berba egin ondoren, Jesus Jauna zerura jasoa izan zan eta Jainkoaren eskumaldean jesarri zan. Hareek, barriz, alde guztietara joan ziran Barriona iragartera. Eta Jaunak berak ziharduan hareekin, egiten ebezan mirarien bidez berbea baieztatuz.