Hareekin gelditu zan bizitzen eta lanean, eta sinagogan eztabaidan ekiten eutsan.
Egun hareetan, Atenas itzi eta Korintora joan zan Paulo. Han, Akila izeneko judu bat, Pontokoa izatez, eta Priszila, haren emaztea, aurkitu zituan. Italiatik etorri barriak ziran, Klaudio enperadoreak judu guztiek Erromatik alde egiteko agindu eban-eta. Paulo hareekin hartuemonean jarri zan eta, ogibide bera ebenez oihal-etxolagileak ziran, hareekin gelditu zan bizitzen eta lanean. Zapatuero sinagogan eztabaidan jarduten eban eta bai juduak, bai greziarrak, sinesmenera erakarten ahalegintzen zan.
Silas eta Timoteo Mazedoniatik etorri ziranean, Paulok hitzaren predikuari emon eutsan guztiz, Jesus zala Mesias juduen aurrean autortuz. Baina juduek kontra egiten eutsoenez eta irainka erantzuten, Paulok, jantziak astinduz, esan eutsen: «Zeuek zaree jazo daikezuenaren erantzule; nik ez dot errurik. Aurrerantzean jentilakana joango naz».
Sinagogatik alde egin eta Israelen Jainkoa gurtzen eban jentil baten etxera joan zan; Tizio Zuzena eritzon eta sinagoga ondoan eban etxea. Krispok, Sinagogako buruzagiak, eta beronen etxeko guztiek Jaunagan sinestu eben; Paulori entzun eutsan beste korintoar askok ere sinestu eta Bateoa hartu eban.
R/ Agertu dau Jaunak nazinoen aurrean
beragandiko garaipena.
V/.
Kanta Jaunari kantu barria,
egintza harrigarriak egin ditu-eta;
garaipena emon deutso bere eskumeak,
bere beso santuak. R/.
V/.
Bere garaipena ezagutuazo dau Jaunak,
bere salbazino-egintza agertu nazinoen aurrean.
Ez da ahaztu bere maitasunaz,
Israel herriari deutson leialtasunaz. R/.
Zuek triste egongo zaree; baina, zuen tristurea poz bihurtuko da.
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Gitxi barru ez nozue ikusiko, baina handik gitxira barriro ikusiko nozue».
Ikasleetako batzuek honan inoen alkarren artean: «Zer ete da esaten deuskun hau: "Gitxi barru ez nozue ikusiko, baina handik gitxira barriro ikusiko nozue", eta "Aitagana noa"? Zer esan gura ete dau harako "gitxi barru" horregaz? Ez deutsagu antzik ere emoten zertaz diharduan».
Konturatu zan Jesus itaundu gura eutsoela, eta esan eutsen: Eztabaidan diharduzue zeuen artean esan deutsuedan honetaz: «Gitxi barru ez nozue ikusiko, baina handik gitxira barriro ikusiko nozue». Bene-benetan dinotsuet: Negar egingo dozue eta aiene; mundua, barriz, poztu egingo da. Zuek triste egongo zaree; baina zuen tristurea poz bihurtuko da».