Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Pazko-aldiko II Igandea

Pazkoaldia Igandea B zikloa
🔍 Bilatu

Sinestedun guztiak bat ziran bihotzez eta gogoz.

Sinestedun guztiak bat ziran bihotzez eta gogoz, eta inork ere ez eban esaten eukana berea ebanik. Guztia guztiena eben. Apostoluek aginpide handiz egiten eben Jesus Jaunaren biztueraren autormena, eta jenteak oso estimatuak zituan guztiak.

Ez zan behartsurik hareen artean. Izan ere, lurrik edo etxerik ebenek saldu egiten ebezan, eta salmentaren ordaina apostoluen esku jarten eben; eta bakoitzari behar ebana emoten jakon.

Salmoa · Sal 117, 2-4. 16-18. 22-24 (R.: 1)

Itzulpen ofizialik ez dago oraindik bizkaieraz.

Irakurri gaztelaniaz →

Jainkoagandik jaio dan guztiak garaitu egiten dau mundua.

Seme-alaba maiteok: Jesus Mesias dala sinesten dauan guztia Jainkoagandik jaio da, eta bizia emoten dauan Jainkoa maite dauanak Haregandik jaioa ere maite dau. Beraz, Jainkoa maite badogu eta haren aginduak beteten badoguz, badakigu Jainkoaren seme-alabak maite doguzala. Izan ere, Jainkoa maitatzea haren aginduak betetea da. Eta haren aginduak ez dira astunak, Jainkoagandik jaio dan guztiak garaitu egiten dau-eta mundua. Eta hau da munduaren gain garaipena emoten deuskuna: gure sinesmena. Nor da mundua garaitzen dauana, Jesus Jainkoaren Semea dala sinesten dauana baino? Jesu Kristo bateoko urez eta heriotzako odolez etorri zan; ez urez bakarrik, urez eta odolez baino. Eta Espiritua da honetaz autormena egiten dauana, Espiritua egia da-eta.

Handik zortzi egunera, barriro agertu jaken Jesus.

Astearen lehenengo egunean, ilunabarrean, etxe batean batuta egozan ikasleak, ateak itxita, juduen bildurrez. Sartu zan Jesus eta, erdian jarririk, esan eutsen: «Bakea zuei». Hori esanda, eskuak eta saihetsa erakutsi eutsezan. Ikasleak pozez bete ziran, Jauna ikustean.

Jesusek barriro esan eutsen: «Bakea zuei. Aitak Ni bialdu nauan lez, Nik zuek bialtzen zaituet». Eta hareen gainera arnasea botaz, esan eutsen: «Hartu egizue Espiritu Santua. Zuek pekatuak parkatzen deutsezuezanei, parkatu egingo deutsez Jainkoak ere; zuek parkamena ukatzen deutsezuenei, ukatu egingo deutse».

Tomas, Hamabietako bat, Bikia eritzona, ez egoan hareekin Jesus etorri zanean. Beste ikasleek esan eutsoen: «Jauna ikusi dogu». Tomasek erantzun eutsen: «Haren eskuetan untze-zuloak ikusten ez baditut, neure atzamarra haren untze-zuloetan eta neure eskua haren saihetsean sartzen ez baditut, ez dot sinestuko».

Handik zortzi egunera, etxean egozan barriro ikasleak, eta Tomas ere hareekin zan. Sartu zan Jesus, ateak itxita egozala, eta erdian jarririk esan eutsen: «Bakea zuei». Gero esan eutsan Tomasi: «Ekarri atzamarra, begiratu nire eskuak; ekarri eskua eta sartu nire saihetsean, eta ez izan sinesgogor, sinestedun baino».

Tomasek erantzun eutsan: «Ene Jauna eta ene Jainkoa!» Jesusek esan eutsan: «Ikusi nozulako sinestu al dozu? Zorionekoak ikusi barik sinesten dabenak».

Beste ezaugarri asko ere egin zituan Jesusek ikasleen aurrean, liburu honetan idatzirik ez dagozanak; hemen idatziak Jesus Mesias, Jainkoaren Semea, dala sinestu dagizuen idatzi dira eta, sinestuz, haren izenean bizia izan dagizuen.