Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao Egunaren Irakurgaiak
Gaur

Pazko Zortziurreneko Ostirala

Pazkoaldia Solemnitatea B zikloa
🔍 Bilatu

Ez dogu beste inor salbatu gaikezenik.

Egun hareetan, Pedrok eta Joanek herriari berba egiten ziharduela, abadeak eta tenpluko guardiaburua eta saduzearrak etorri jakezan. Oso hasarre egozan, herriari irakasten eutsoelako eta Jesusegan hilen biztuera jazoa zala iragarten ebelako. Atxilotu eta kartzelan sartu ebezan biharamuna arte, ilunabarra zan-eta. Baina hitzaldia entzun ebenetako askok sinestu egin eben, eta gizonezko fededunak bosten bat mila izatera heldu ziran.

Biharamunean, herriko agintari, zahar eta lege-maisuak Jerusalemen batu ziran; han ziran Anas abade nagusia, Kaifas, Joan, Alexandro eta abadeburuen familietako guztiak. Pedro eta Joan euren aurrera ekarriazo eta itaundu eutseen: «Zein ahalmenez edo noren izenean egin dozue hori?»

Orduan, Pedrok, Espiritu Santuaz beterik, esan eban: «Herriko agintari eta zaharrok, gaur, gaixo bati eginiko mesedea dala-eta, noren eskuz osatu dan itauntzen deuskuzue; bego, beraz, argi zuentzat guztiontzat eta Israel herri osoarentzat, zuek kurutzeratu eta Jainkoak hilen artetik biztu eban Jesu Kristo Nazaretarraren izenean dozuela gizon hau zeuen aurrean osaturik. Jesus hauxe da zuek, "etxegileok, baztertutako harria, giltzarri bihurtu dana". Honegan bakarrik dogu salbamena, ez deusku-eta Jainkoak gizon-emakumeoi beste inor emon eguzkipean, gu salbatu gaikezanik».

R/ Etxegileek baztertutako harria, berori jazo da giltzarria.

Edo Aleluia.

Eskerrak Jaunari, ona da-eta,

Haren maitasuna betikoa da-eta.

Israel etxeak hau esan begi:

«Haren maitasuna betikoa».

Esan begie Jaunaren bildur direnek:

«Haren maitasuna betikoa». R/.

Etxegileek baztertutako harria,

berori jazo da giltzarria.

Jaunak egin dau hori,

gure begien harrigarri.

Hau da Jaunak egin dauan eguna,

gu pozteko eta alaitzeko eguna. R/.

Emon, Jauna, salbamena,

emon, Jauna, zoriona.

Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena,

bedeinkatzen zaituegu Jaunaren etxean.

Jainkoa da Jauna,

guri argi egin deuskuna. R/.

Bigarren Irakurgaia

Itzulpen ofizialik ez dago oraindik bizkaieraz.

Irakurri gaztelaniaz →

Jesusek, hurreraturik, ogia hartu eta emon egin eutsen, baita arraina ere.

Aldi haretan, barriro agertu jaken Jesus ikasleei Tiberiades itsasertzean. Honan jazo zan agerpena. Alkarregaz egozan Simon Pedro, Bikia eritzon Tomas, Natanael Galileako Kanakoa, Zebedeoren semeak eta beste ikasle bi. Simon Pedrok esan eutsen: «Arrantzura noa». Besteek erantzun eutsoen: «Zugaz goaz geu ere». Urten eta ontzira igon eben. Baina gau haretan ez eben ezer harrapatu.

Eguna argitu ebanean, ur-ertzean agertu zan Jesus; baina ikasleak ez ziran konturatu Jesus zanik. Jesusek esan eutsen: «Mutilak, ba al dozue jatekorik?» Hareek erantzun: «Ez». Jesusek orduan: «Bota sarea txalupearen eskumaldera eta aurkituko dozue». Bota eben, bada, eta, hainbeste arrain harrapatu ebenez, ez ziran sarea atarateko gauza.

Orduan, Jesusek maite eban ikasle harek esan eutsan Pedrori: «Jauna da». Simon Pedrok, Jauna zala entzun ebaneko, soinekoa jantzi (erantzia eban-eta) eta salto egin eban uretara. Beste ikasleak txalupan etorri ziran, sarea arrainekin arrastaka ekarrela, lehorretik hurrean egozan-eta, ehunen bat metrora.

Lehorrera jatsi ziranean, su-txingarrak ikusi ebezan eta arrain bat gainean, eta ogia. Jesusek esan eutsen: «Ekarri harrapatu barri dozuezan arrainetako batzuk». Igon eban Simon Pedrok ontzira eta lehorrera atara eban sarea, ehun eta berrogeita hamahiru arrain handiz betea. Eta, hainbeste izanik ere, ez zan sarea urratu. Jesusek esan eutsen: «Etorri gosaltzera». Ikasleetako inor ez zan ausartzen nor zan itauntzera, baekien-eta Jauna zana. Orduan, Jesusek, hurreraturik, ogia hartu eta emon egin eutsen, baita arraina ere.

Hirugarren aldia izan zan hau, Jesus, hilen artetik biztu ondoren, ikasleei agertu jakena.