Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao Egunaren Irakurgaiak
Gaur

Astearte Santua

Aste Santua Asteguna B zikloa
🔍 Bilatu

Nazinoen argitzat ezarriko zaitut, nire salbamena lurraren azken mugaraino heldu daiten.

Entzun, uharteok! Zuhur egon urruneko herriok!

Jaio aurretik deitu eustan Jaunak,

amaren sabelean nengoala gogoratu zan nitaz.

Ezpata zorrotz bihurtu eustan ahoa,

bere eskupean babestu ninduan;

gezi zorrotz ninduan bihurtu

eta gezi-ontzian gorde.

Esan eustan:

«Zu zara nire zerbitzaria, Israel,

zure bidez agertuko dot neure ospea».

Nik, barriz, hau esaten neban:

«Alperrik nekatu naz;

hutsean eta alperrik erre ditut neure indarrak».

Baina Jaunagan egoan nire eskubidea,

Jainkoaren eskuetan nire lansaria.

Orain honan berba egiten dau Jaunak,

amaren sabelean eratu ninduanak

bere zerbitzari izateko,

Jakoben leinuak Beragana bihurtuazoteko

eta Israel herria batzeko.

Ohorez jantzi nau Jaunak

eta neure Jainkoa izan dot indar.

Jaunak esan deust:

«Ez da nahikoa zu nire zerbitzari izatea,

Jakoben leinuak berreregiteko

eta Israelen bizirik geldituak itzulazoteko.

Nazinoen argitzat ezarriko zaitut,

nire salbamena lurraren azken mugaraino heldu daiten».

R/ Nire ahoak iragarriko dau, Jauna, zure salbamena.

Zugan babesten naz, Jauna,

ez naitela behin ere lotsagarri geratu.

Libratu nagizu eta atara onik, zuzena zara-eta,

makurtu nigana belarria eta salbatu nagizu. R/.

Izan zakidaz harkaitz babesle,

nora jo izan dagidan beti;

ni salbatzea erabagi dozu,

Zu zaitut-eta neure haitz eta gaztelu.

Ene Jainko, askatu nagizu gaiztoaren eskutik,

bidebako eta gogorzalearen ukabiletik. R/.

Zu zaitut-eta, Jauna, neure itxaropen,

Zu, ene Jauna, neure konfiantzea gaztetatik.

Zu izan zaitut euskarri amaren sabeletik,

Zu neure indar amaren erraietatik. R/.

Nire ahoak egun osoan iragarriko dau

zure salbamen-asmo eta -ekintza,

Ene Jainko, gaztetatik irakatsi deustazu,

eta gaur arte iragarri ditut zure egintza harrigarriak. R/.

Zuetako batek salduko nau. Oilarrak jo baino lehen, hiru aldiz ukatuko nozu.

Aldi haretan, larritu egin jakon Jesusi barrua, eta argi adierazo eutsen ikasleei: «Egi-egiaz dinotsuet: Zuetako batek salduko nau». Ikasleak alkarri begira hasi ziran, zeinetaz ziharduan asmau ezinik.

Ikasleetariko bat, Jesusek hain maite ebana, beraren ondo-ondoan egoan mahaian. Simon Pedrok keinu egin eutsan, zeinetaz ziharduan itauntzeko adierazoz. Harek, burua Jesusen bular gainean jarriz, itaundu eutsan: «Zein da, Jauna?»

Jesusek erantzun eutsan: «Ogi-zati busti hau emongo deutsadana, haxe da». Eta ogi-zatia bustiz, Judasi, Simon Iskarioteren semeari, emon eutsan. Eta ogi-zatiagaz batera Satanas sartu zan haren barrura.

Orduan, Jesusek esan eutsan: «Egin behar dozuna, egizu laster». Mahaikideetako inork ez eban ulertu zergaitik esan eutsan hori. Judasek diru-poltsaren ardurea ebanez, batzuek uste izan eben jairako behar zana erosteko edota behartsuei zerbait emoteko esan eutsala. Judasek ogi-zatia hartu eta bat-batean urten eban. Gaua zan.

Urten ebanean, esan eutsen Jesusek: «Oraintxe azalduko da Gizonaren Semearen aintza, eta haren bidez Jainkoarena. Jainkoaren aintza haren bidez azaltzen bada, Jainkoak ere bere aintzaz beteko dau Ha, eta bat-batean gainera».

«Semetxook, orain ez nago luzarorako zuekin. Nire bila ibiliko zaree, baina juduei esan neutsena bera esaten deutsuet zuei ere: “Ni noan tokira, zuek ezin zaree joan”».

Simon Pedrok itaundu eutsan: «Jauna, nora zoaz?» Jesusek erantzun: «Ni noan lekura zuk ezin jarraitu orain Niri; geroago bai, jarraituko deustazu».

Pedrok esan eutsan: «Zergaitik ezin deutsut jarraitu orain? Neure bizia emongo dot Zugaitik». Jesusek erantzun eutsan: «Zeure bizia emongo dozula Nigaitik? Bene-benetan dinotsut: Oilarrak jo baino lehen, hiru aldiz ukatuko nozu».