Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao Egunaren Irakurgaiak
Gaur

Garizumako IV. Asteko Asteazkena

Garizuma Asteguna B zikloa
🔍 Bilatu

Herriaren itun izateko izendatu zaitut, lurraldea berreregi dagizun.

Honan berba egiten dau Jaunak:

«Ondogura-sasoian erantzun deutsut,

salbamen-egunean lagundu.

Babestu zaitut

eta herriaren itun izateko izendatu,

herrialdea berreregi dagizun,

lurralde hondatua ondaretzat banatu dagizun;

preso dagozanei esateko: "Urten kanpora",

eta ilunpean dagozanei: "Etorri argitara".

Bideetan ere larratuko dira,

muino gorri guztietan bazkatuko.

Ez dira gose, ez egarri izango;

sargori eta eguzkiak ez ditu joko,

erruki dituanak ditu-eta gidatuko

eta iturburuetara eroango.

Bide bihurtuko ditut mendiak

eta galtzadak zelaituko.

Hara non datozan urrunetik:

ipar eta mendebaletik datoz,

Egipto aldetik ere bai.

Egin poz-oihu, zeruok! Alaitu zaitez, lurra!

Egin poz-irrintzi, mendiok!

Jaunak bere herria dau-eta kontsolatu

eta bere pobreentzat errukia izan dau.

Sionek esaten eban:

"Baztertua nauka Jaunak,

ahaztua nire Jabeak".

Ahaztu ete daike amak bere umetxoa

edota bere sabeleko umeari errukia ukatu?

Bada, amak umea ahaztuko baleu ere,

Nik ez zaitut zu ahaztuko!»

R/ Samurra da Jauna eta errukiorra.

Samurra da Jauna eta errukiorra,

hasarre-gaitza eta guztiz onbera.

Ona da Jauna guztientzat,

errukior, Berak egin dituenentzat.R/.

Leiala da Jauna hitz guztietan,

zintzoa bere lan guztietan.

Jaunak jausi-zorian dagozan guztiak

ditu sendotzen,

eta makurtuak zutitzen.R/.

Zuzena da Jauna bere bide guztietan,

zintzoa bere lan guztietan.

Bertan dago Jauna deitzen deutsoenakandik,

zintzoro deitzen deutsoen guztiakandik.R/.

Aitak hilak biztu eta bizia emoten deutsen lez, Semeak bere bizia emoten deutse gura dabenei.

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen juduei: «Nire Aitak lanean dihardu beti, eta Nik ere lanean dihardut».

Esandako honegaitik, juduak are gehiago ebilzan Jesus hil guran; zapatuko atsedena ez errespetatzeaz gainera, Jainkoa bere Aita ebala inoan-eta, bere burua Jainkoaren pareko eginez.

Jesusek esan eutsen: «Egi-egiaz dinotsuet: Semeak ez daike ezer ere bere kabuz egin, Aita egiten ikusten dauana besterik: Aitak zer egin, haxe bera egiten dau Semeak ere. Izan ere, Aitak maite dau Semea eta Berak egiten dituan guztiak erakusten deutsaz, eta honeek baino egintza handiagoak ere erakutsiko deutsaz, harritu egingo zaitueenak. Aitak hilak biztu eta bizia emoten deutsen lez, Semeak bere bizia emoten deutse gura dauanei.

Aitak ez dau inor epaitzen epaitzeko ahalmen guztia Semearen esku itzi dau-eta, guztiek, Aita ohoratzen daben lez, Semea ere ohoratu dagien; Semea ohoratzen ez dauanak, Ha bialdu dauan Aita ere ez dau ohoratzen. Bene-benetan dinotsuet: nire berbea entzun eta bialdu nauanagan sinesten dauanak, betiko bizia dau; ez da kondenatua izango, heriotzatik bizira igaroa da-eta dagoaneko.

Egi-egiaz dinotsuet: Badator ordua —hobeto esan, heldua da—, hildakoek Jainkoaren Semearen ahotsa entzungo dabena, eta entzuten dabenak bizi egingo dira. Aitak bizia bere barruan dauan lez, Semeari ere bizia bere barruan izatea emon deutso. Gainera, epaitzeko ahalmena emon deutso, Gizonaren Semea dalako. Ez harritu esaten deutsuedanaz; badator-eta ordua, hildako guztiek haren ahotsa entzungo dabena, eta hilobietatik urtengo dabena: on egin ebenak betiko bizirako biztuko dira; gaitz egin ebenak, ostera, kondenatuak izateko.

Nik ez daiket neurez ezer egin: Aitari entzun lez epaitzen dot, eta nire epaia zuzena da, ez dot-eta helburu neure guraria egitea, bialdu ninduanarena baino».