Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Abenduko I Igandea

Abendualdia Igandea B zikloa
🔍 Bilatu

Is 63, 16b-17. 19b; 64, 2b-7

Z

U zara, Jauna, gure Aita,

«gure Erosle» dozu izena betidanik.

Zergaitik itzi deuskuzu, Jauna, zeure bideetatik alde egiten,

zure begirunerik ez izateraino gure bihotzak gogortzen?

Bihurtu zakiguz, zeure zerbitzariakaitik,

zeure ondare aukeratu dozuzan leinuakaitik.

Ai, zeruak urratu eta jaitsiko bazina!

Zure aurrean mendiak urtuko litzatekez.

Jaitsi zinan, eta mendiak urtu egin ziran zure aurrean.

Inoiz ez dau ez belarrik entzun, ez begik ikusi,

Zu beste Jainkorik

beragan itxaron dabenen alde holan jokatzen dauanik.

Zeuk urteten dozu,

pozik eta zuzen dabiltzanen

eta zure bideak gogoan dabezanen bila.

Hasarre zengozan, bai, pekatu egin gendualako,

aspalditik pekatari garalako,

baina salbatuko gara.

Guztiok kutsatuak gengozan,

gure egintza onak be zapi zikinen antzeko ziran;

orbelaren antzera igartzen ginan guztiok,

eta gure pekatuek haizeak lez eroaten ginduezan.

Ez eutson inork zure izenari dei egiten,

ez zan ahalegintzen inor Zugaz bat egiten,

zeure aurpegia gorde egin zenduan-eta gugandik,

eta geure erruetan murgilduak itzi ginduzuzan.

Halan be, Jauna, Zeu zara gure Aita;

gu buztina, eta Zu gure buztinlaria:

zure eskuetako lana gara guztiok.

Jaunak esana.

R/ Jainko, berbiztu gagizuz; salbatu gaitezan, zure begia leun agertu egizu.

Israelgo Artzain, entzun eiguzu,

Kerubin gainean jesarri ohi zara-eta,

Zeure indarrari eragiozu,

zatoz eta salbatu gagizuz. R/.

Bihurtu zakiguz, gudari taldeen Jainko,

begiratu zerutik, ikusi, mahatsondo honi agertu zakioz:

Zeure eskuaz landatu dozun aldaxka honi,

Zeuk indartu dozun landareari. R/.

Emoiozu eskua aukeratu dozun gizonari,

Zeuk indartu dozun gizasemeari.

Ez gara Zugandik urrunduko,

Emoiguzu bizia eta zure izenari deutsagu deituko. R/.

Jesu Kristo gure Jaunaren agerraldiaren zain gagoz.

Senideok: Grazia zuei eta bakea gure Aita Jainkoagandik eta Jesu Kristo Jaunagandik. Jainkoari eskerrak emoten dihardut beti zuekaitik, zuei Jesu Kristogan Jainkoak emon deutsuen graziagaitik. Izan ere, Kristogan aberastu zaitue gauza guztietan: bai berba, bai jakintza-dohai guztietan, Kristori buruz emoten dogun autormena zuekan sendotu dan ezkero. Holan, ez dozue dohairik bat ere falta Jesu Kristo gure Jaunaren agerraldiaren zain zagozenok. Berak indartuko zaitue azkenera arte, inork zuen aurka zeresanik izan ez dagian Jesu Kristo gure Jaunaren etorrera-egunean. Zintzoa da bere Seme Jesu Kristo gure Jaunagaz alkarturik bizitzera deitu zaituen Jainkoa.

Zagoze zuhur, ez dakizue-eta etxeko nagusia noiz etorriko dan.

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen bere ikasleei: “Begira, zagoze zuhur, ez dakizue-eta sasoia noiz dan. Gizon bat urrunera joatean lez da: etxea iztean, morroiei emoten deutse agintea, bakotxari bere eginkizuna jarriz, eta atezainari zuhur egoteko agintzen deutso.

Zagoze, beraz, zuhur; ez dakizue-eta etxeko nagusia noiz etorriko dan: ilunabarrean, gauerdian, oilarrak jotean nahiz egunsentian. Ez zagiezala lotan aurkitu, uste barik etorrita.

Zuei esaten deutsuedan hau guztiei esaten deutset: Zagoze zuhur.”