Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XVI. Asteko Ostirala

Urtean Zehar Asteguna A zikloa II urtea
🔍 Bilatu

Nire gogoko artzainak emongo deutsuedaz, eta herri guztiak Jerusalemera batuko dira.

Jaunak dino: «Bihurtu zaiteze, seme-alaba fedebakook, Neu nozue-eta zeuen nagusia. Banan-banan hartuko zaituet uri eta familia bakotxetik eta Sion mendira ekarriko. Neure gogoko buruzagiak emongo deutsuedaz, jakituriaz eta zuhurtasunez gidatuko zaitueen buruzagiak. Orduan, lurraldean ugaritu eta haziko zareenean —dino Jaunak—, ez da gehiago aitatuko Jaunaren itun-kutxarik; ez dau inork haretan pentsatuko, ezta gogoratuko ere; ez dozue haren beharrizanik izango, ezta barririk egingo ere. Sasoi haretan, "Jaunaren tronua" deituko deutsoe Jerusalemi. Herri guztiak batuko dira Jerusalemen Jaunaren izenean, eta ez deutsee gehiago euren barru joera txarrei jarraituko».

R/ Artzainak artaldea lez zainduko gaitu Jaunak.

Entzun, herriok, Jaunaren hitz,

iragarri uuruneko kostaldeetan:

“Sakabanatu ebanak berak

batzen dau orain Israel

eta artzainak artaldea lez zaintzen”. R/.

Jaunak bere herria askatu dau,

berreskuratu,

indartsuagoaren eskutik libratu.

Poz-oihuka etorriko dira

Sion mendira,

bizi-bizi helduko

Jaunaren ondasunetara. R/.

Neskek pozik egingo dabe dantzan

mutil eta agureekin.

Hareen dolua

alaitasun bihurtuko dot,

atsekabearen ondoren

kontsolatu eta alaituko. R/.

Berbea entzun eta ulertzen dauanak emoten dau alea.

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Entzun ereilearen parabolearen esanahia: Erreinuaren berbea entzun bai, baina ulertzen ez dauanari, Gaiztoak etorri eta kendu egiten deutso bihotzean erein jakona. Hori da bide-bazterrean ereindakoa.

Harri artean ereindakoa hauxe da: berbea entzutean, bat-batean pozik hartzen dauana; baina, zuztar bakoa eta iraupen gitxikoa izanik, berbea dala-eta estutasun edo erasoaldiren bat sortu orduko, bat-batean huts egiten dau.

Sasi artean ereindakoa hauxe da: berbea entzun bai, baina mundu honetako ardurak eta diru-goseak ito egiten deutsoe berbea, frutu barik itziz.

Lur onean ereindakoa, barriz, hauxe da: berbea entzun eta ulertzen dauana. Honek frutua emoten dau: bateko ehun nahiz hirurogei nahiz hogeita hamar».