Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao Egunaren Irakurgaiak
Gaur

Pazko-aldiko IV. Asteko Osteguna

Pazkoaldia Asteguna A zikloa
Pio V aita santua (Nahitaezko Oroitzapena)
🔍 Bilatu

Daviden hazitik atara eutsan Jainkoak Israeli Salbatzailea: Jesus.

Egun hareetan, Paulo eta bere lagunak, Pafosen itsasoratu eta Panfiliako Pergera heldu ziran. Han Joanek alde egin eutsen eta Jerusalemera bihurtu zan.

Besteak, barriz, Pergetik Pisidiako Antiokiara joan ziran. Eta zapatuan sinagogan sartu ziran eta han jesarri. Legearen eta Profeten irakurgaiak egin ondoren, sinagogako buruzagiek ohar hau bialdu eutseen: «Anaiok, herriari adorea emoteko zeredozer esan nahi badeutsazue, berba egizue».

Zutitu zan Paulo eta isiltzeko keinu eginda, berba egin eutsen: «Israeldarrok eta Israelgo Jainkoa gurtzen dozuen guztiok, entzun: Israel herri honen Jainkoak gure aurrekoak aukeratu zituan, eta herria ugaritu eban, Egipton arrotz zirala, eta bere besoaren indar handiaz atara ebazan handik. Berrogeiren bat urtez eroapenez gidatu zituan basamortuan zehar eta, Kanaan lurraldean zazpi nazino hondatu ondoren, hareen lurra emon eutsen ondare. Horretan guztian laurehun eta berrogeita hamarren bat urte igaro ziran. Gero, buruzagiak emon eutsezan, Samuel profetara arte. Orduan, israeldarrek erregea eskatu eben, eta Jainkoak Saul emon eutsen, Kisen semea, Benjaminen leinukoa, eta berrogei urtez izan zan errege. Gero, David emon eutsen errege, beroni buruz autormen hau eginez: "Aurkitu dot David, Jeseren semea, nire gogoko gizona, nik gura dodan guztia beteko dauana".

Berbea emonda eukanez, honen hazitik atara eutsan Jainkoak Israeli Salbatzailea: Jesus. Hau etorri baino lehen, Joan Bateatzaileak bihozbarritzeko bateoa iragarri eutsan Israel osoari. Eta bere bizitza amaitzera joianean, honan inoan Joanek: "Ez naz ni zuek uste dozuena; badator nire ondoren beste bat, eta ni ez naz inor haren oinetakoak askatzeko ere"».

R/ Jauna, zure maitasuna abestuko dot betiren beti.

edo Aleluia.

Jauna, zure maitasuna abestuko dot betiren beti,

zure leialtasuna adierazoko gizaldiz gizaldi.

Esana dozu-eta: «Maitasuna betiko dot eregi»,

zeure leialtasuna zeruan dozu sendoarazi. R/.

David aurkitu dot morroi Neuretzat,

igurtzi dot neure orio santuaz,

nire eskua beti beragaz izan dagian,

nire besoak bizkortu dagian. R/.

Nire leialtasuna eta grazia ditu beragaz,

garaile urtengo dau haren indarrak nire izenagaz.

Berak deituko deust: "Zeu zaitut Aita,

ene Jainko, nire salbamenaren Harkaitza." R/.

Nik bialdutakoa hartzen dauanak Neu onartzen nau.

Jesusek, bere ikasleei oinak garbitu ondoren, esan eutsen: «Bene-benetan dinotsuet: Morroia ez da nagusia baino handiagoa, ezta bialdutakoa ere bialtzailea baino handiagoa. Horretaz jabeturik, zorionekoak izango zaree, horren arabera jokatzen badozue.

Ez dinot hau zuek guztiokaitik; badakit, bai, nortzuk aukeratu dodazan; baina bete beharrekoa da Liburu Santuak dinoan hau: "Nire ogitik jaten dauana kontra jagiko jat". Aurretiaz, jazo baino lehen, esaten deutsuet, jazo daitenean, "Neu nazala" sinestu dagizuen.

Bene-benetan dinotsuet: Nik bialdutakoa onartzen dauanak Neu onartzen nau, eta Ni onartzen nauanak bialdu ninduana onartzen dau».