Nire seme Markosek agur egiten deutsue.
Senide maiteok: Izan zaiteze danok apalak zeuen hartuemonetan, Jainkoak harroei aurre egiten deutse-eta; apalei, barriz, ondonahia azaltzen. Beheratu zaiteze, beraz, eta jarri Jainko ahaltsuaren eskumenean, bere sasoian goratu zagiezan. Itzi Jainkoari zeuen kezka guztiak, Bera da-eta zuetaz arduratzen.
Izan zaiteze neurritsu eta egon zuhur; zuen arerioa, deabrua, zuen inguruan dabil, goseak dagoan lehoia lez, nor iruntsiko. Egiozue aurre, sinesmenean sendo, jakinik mundu zabalean diran beste senideek ere zuenak lako sufrimentuak jasaten diharduela. Eta apur batean sufridu ondoren, dohai guztien Jainkoak, Kristoren bidez betiko bere aintzara deitu eutsuenak, bizkortuko zaitue, sendo egin eta finko ezarriko. Berari jagoko indarra gizaldien gizaldietan. Amen.
Anaia zintzotzat daukadan Silvanoren eskuz idatzi deutsuet gutun labur hau, zuei adorea emon eta Jainkoaren benetako dohaia zein dan adierazoteko asmoz. Iraun sendo dohai horretan.
Babilonia honetan bizi dan eta zuek lez Jainkoak aukeratua dan eliz alkarteak agurtzen zaitue, baita nire seme Markosek ere. Agurtu alkar, senideen maitasun-laztanaz.
Bakea Kristorenak zareen guztioi.
R/ Jauna, zure maitasuna abestuko dot betiren beti
Jauna, zure maitasun-egintzak kantatuko ditut beti,
zure leialtasuna iragarriko gizaldiz gizaldi.
Bai, autortzen dot:
«Betiko eregita dago zeruan zure maitasuna,
sendo ezarrita zure leialtasuna». R/.
Zeruek zure ekintza miragarria goratzen dabe, Jauna,
santuen batzarrak zure leialtasuna.
Nor hodeien gainean Jaunaren pareko?
Nor jainkoen artean Jauna lakoa? R/.
Zorionekoa, Zu pozik goratzen dakian herria!
Zure argitan ibiliko da, Jauna:
zure izenean da egunero alaitzen,
zure salbamen-egintzaz harrotzen. R/.
R/. Aleluia. R/. Guk Jesu Kristo kurutzeratua predikatzen dogu, Jainkoaren indarra eta Jainkoaren jakituria dana. R/.
Iragarri Barriona gizaki guztiei.
Aldi haretan, Jesus Hamaikei agertu jaken, eta esan eutsen: «Zoaze mundu guztira eta iragarri Barriona izaki guztiei. Sinestu eta bateatzen dana salbatu egingo da; sinesten ez dauana, barriz, kondenatu. Sinesten dabenek seinale honeek izango dabez lagun: nire izenean deabruak botako dabez, hizkuntza barrietan berba egingo dabe, sugeak eskuetan hartuko dabez eta, edari hilgarriren bat edanda ere, ez deutse kalterik egingo; gaixoei eskuak ezarriko deutseez eta osatu egingo dira».
Holan berba egin ondoren, Jesus Jauna zerura jasoa izan zan eta Jainkoaren eskumaldean jesarri zan. Hareek, barriz, alde guztietara joan ziran Barriona iragartera. Eta Jaunak berak ziharduan hareekin, egiten ebezan mirarien bidez berbea baieztatuz.
Liburu honen irakurgai guztiak lezionarioan: Markos →