Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao Egunaren Irakurgaiak
Gaur

Pazko Zortziurreneko Osteguna

Pazkoaldia Solemnitatea A zikloa
🔍 Bilatu

Biziaren sorburua hil zenduen, baina Jainkoak biztu egin dau hilen artetik.

Egun hareetan, osatutako elbarria oraindino Pedrori eta Joani helduta egoala, jente guztia, harriturik, hareengana batu zan lasterka, Salomonen aterpera.

Pedrok hori ikusi eta honan berba egin eutsan herriari: «Israeldarrok, zergaitik harritzen zaitue jazo dan honek? Zergaitik zagoze guri begira, gizon hau geure ahalmenaz edo jainkozaletasunaz ibilazo bagendu lez? Abrahamen, Isaaken eta Jakoben Jainkoak, gure arbasoen Jainkoak, aintzaz bete dau Jesus bere zerbitzaria, zuek agintarien eskuetara emon eta Pilatoren aurrean ukatu zenduena, honek askatzea erabagi eban arren. Santua eta Zuzena ukatu zenduen zuek, eta hiltzailea askatzeko eskatu; biziaren sorburua hil zenduen, baina Jainkoak biztu egin dau hilen artetik; geu gara horren testigu.

Eta Jesuseganako sinesmenari esker, haren izenak osatu dau hemen ikusten eta zuek ezagutzen dozuen gizon hau; Jesusek emoten dauan sinesmenak ekarri deutso osasun betea, zuen guztion aurrean.

Badakit, senideok, ezjakinean jokatu zenduela zuek, baita zuen agintariek ere. Baina holan bete eban Jainkoak profeta guztien ahoz aurrez iragarritakoa, hau da, haren Mesiasek sufridu egin behar ebala. Bihozbarritu zaiteze, beraz, eta bihurtu Jainkoagana, pekatuak kendu dakizuezan. Holan helduko jatsue Jaunaren kontsolamendu-sasoia, eta barriro bialduko deutsue Jesus, zuentzat izendatu eban Mesias. Honek zeruan egon behar dau oraindino, harik eta gauza guztiak erabarritzeko sasoia, Jainkoak antzinatik profeta santuen ahoz adierazoa, heldu arte.

Moisesek, hain zuzen, esan eban: "Ni lako profeta sortuazoko deutsue Jaunak, zeuen Jainkoak, herritarren artetik; entzun harek esango deutsuen guztia. Profeta honi entzungo ez deutsana bota egingo dabe herritik". Eta Samuelegandik aurrera berba egin daben profeta guztiek iragarri dabez egun honeek.

Zuentzako dozuez profeten agintzariak, baita Jainkoak zuen arbasoekin egin eban ituna ere, honan berba egin eutsan-eta Abrahami: "Zure ondorengoen bidez lurreko herri guztiak bedeinkatuko ditut". Lehenengo zuentzat biztu dau Jainkoak Jesus bere zerbitzaria eta zuei bedeinkazinoa emotera bialdu dau, baldin eta zuetako bakoitza bere gaiztakerietatik aldentzen bada».

R/ Jauna, gure Jauna, bai miragarria zure izena lurbira osoan!

edo Aleluia.

Jauna, gure Jauna,

bai miragarria zure izena lurbira osoan!

Zer da gizakia, Zu haretaz gomutau zaitezan?

Edota gizakumea, Zu haretaz arduratu zaitezan? R/.

Aingeruak baino doi-doi txikiago egin dozu,

ospez eta aintzaz koroatu dozu.

Zeure eskulan guztien buru ipini dozu,

guztia oinperatu deutsazu. R/.

Ardi eta idi guztiak;

gainera, lurreko abere guztiak;

eguratseko hegazti eta itsasoko arrainak;

itsas bidexketan dabilzanak. R/.

Bigarren Irakurgaia

Itzulpen ofizialik ez dago oraindik bizkaieraz.

Irakurri gaztelaniaz →

Mesiasek sufridu egin behar eban, eta hirugarren egunean hilen artetik biztu.

Aldi haretan, Emausko ikasleek bidean jazotakoa kontatu eben eta zelan ogia zatitzean ezagutu eben Jauna.

Horretan ziharduela, Jesus bera agertu zan ikasleen erdian eta esan eutsen: «Bakea zuei». Hareek, bildur-ikaraz beterik, mamua ikusten ebela uste eben. Baina Jesusek esan eutsen: «Zergaitik izutzen zaree? Zergaitik sortzen jatsuez zalantza horreek barruan? Ikusi nire esku-oinak: Neu naz. Ikutu nagizue eta begiratu: mamuak ez dau hazur-haragirik, eta Nik bai, ikusten dozuenez». Eta hau esatean, esku-oinak erakutsi eutsezan.

Hareek, ostera, euren pozetan oraindino ere ezin sinesturik eta harriturik egozan-eta, Jesusek esan eutsen: «Ba al dozue hemen jatekorik?» Arrain erre piska bat eskeini eutsoen.

Jesusek hartu eta euren aurrean jan eban. Gero, esan eutsen: «Hauxe da, oraindino zuekin nengoala, esan neutsuena: Moisesen Legean, Profetetan eta Salmoetan Nitaz idatzitako guztia bete beharrekoa zala».

Orduan, adimena argitu eutsen, Liburu Santuak ulertu egiezan. Eta esan eutsen: «Idatzita egoan, Mesiasek sufridu egin behar ebala eta hirugarren egunean hilen artetik biztu, eta, Jerusalemdik hasita, bihozbarritzea iragarri behar jakela haren izenean herri guztiei, pekatuak parkatu dakiezan. Zeuek zaree gauza honeen testigu».