Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao Egunaren Irakurgaiak
Gaur

Pazko Zortziurreneko Astelehena

Pazkoaldia Solemnitatea A zikloa
🔍 Bilatu

Heriotzeak ezin eban-eta Ha bere menpean euki.

Pentekoste-egunean, Pedrok, hamaika apostoluen artean zutunik, ahotsa jasoz, honan berba egin eban: «Juduok eta Jerusalemen bizi zareen guztiok, entzun arretaz nire berbak: Guztiok dakizuenez, Jainkoak Nazareteko Jesus sinesgarri egin eban zuen aurrean, haren bidez egintza ahaltsuak, mirariak eta ezaugarriak eginez. Jainkoak zuen eskuetan itzi eban, bere asmoaren eta aurrez hartutako erabagiaren arabera, eta zuek hil egin zenduen, sinesbakoen eskuz kurutzean josiz; baina Jainkoak biztu egin eban, heriotzearen lokarrietatik askatuz, heriotzeak ezin eban-eta Ha bere menpean euki.

Izan ere, honan dino Davidek Haretaz:

“Begi aurrean ikusten neban beti Jauna;

Eskuman dodala, ez naiteke dardara.

Horregaitik alai dot bihotza, pozik mihina,

eta nire gorputzak ere itxaropenean dau atsedena.

Ez dozu-eta nire bizia heriotz-leizera jaurtiko,

ezta zeure fededuna hilobian usteltzen itziko.

Bizirako bidea erakutsiko deustazu,

zeure aurrean alaitasunez beteko”.

Senideok, itzi egidazue argi eta garbi esaten gure aita David hil egin zala eta hobiratu egin ebela, eta haren hilobia geure artean dogu gaur arte. Baina profetea zan eta baekian Jainkoak zin eginez agindu eutsala beraren odoleko bat jesarriko zala beraren tronuan. Beraz, aurrez ikusi eban Mesias biztuko zala, eta honetaz berba egin eban hau esatean: haren bizia ez ebala Heriotz-leizera jaurtiko eta ez zala haren gorputza hilobian ustelduko. Jesus hori biztu egin dau Jainkoak, eta gu guztiok gara horren testigu». Jainkoak bere eskumaldera jaso dauala, agindutako Espiritu Santua hartu dau Aitagandik eta guri isuri; hauxe da zuek ikusten eta entzuten diharduzuena.

R/ Zeu zara, Jauna, nire ondarea.

Gorde nagizu, Jainko,

Zugan naz-eta babesten.

Honan dinotsot Jaunari:

«Zeu zaitut neure Jauna

Zeu zaitut neure ondarea, neure kopea,

zure esku dago nire zoria.

Bedeinkatzen dot Jauna, aholkua deust-eta emoten,

gauez ere Berak dau nire barrua hezten.

Begi aurrean dot Jauna eten barik;

Bera eskuman dodala, ez naiteke dardaratu.

Horregaitik, alai dot bihotza, pozik erraiak,

atsedenean nasai gorputza.

Ez dozu-eta nire bizia Heriotz-leizera jaurtiko,

ezta zeure fededuna ere hilobian galtzen itziko.

Bizirako bidea erakutsiko deustazu:

alaitasunez beteko nozu zeure aurrean,

zorionez betiko zeure ondoan.

Bigarren Irakurgaia

Itzulpen ofizialik ez dago oraindik bizkaieraz.

Irakurri gaztelaniaz →

Esan nire senideei Galileara joateko; han ikusiko nabe.

Aldi haretan, emakumeak hilobitik arin-arin alde egin eta, ikaraz eta poz-pozik, lasterka joan ziran ikasleei barri emotera.

Halako baten, Jesusek urten eutsoen bidera eta agurtu egin ebazan. Emakumeek, hurreraturik, oinak besarkatu eutsoezan eta gurtu egin eben. Orduan, Jesusek esan eutsen: «Ez izan bildurrik! Zoaze eta esan nire senideei Galileara joateko. Han ikusiko nabe».

Emakumeak bidean joiazala, guardiako batzuk urira joan ziran eta jazotako guztiaren barri emon eutseen abadeburuei. Honeek, zaharrakaz batu eta hitzartu ondoren, dirutza handia emon eutseen gudariei, hauxe aginduz: «Esan, haren ikasleek gauez etorri eta zuek lo zengozela gorpua lapurtu dabela. Eta Gobernadorearen belarrietara ezer heltzen bada, geuk berba egingo deutsagu eta arriskutik atarako zaituegu».

Hareek dirua hartu eta agindu eutsen lez egin eben. Eta gaurdaino zabaldu da kontu hori juduen artean.