Neugaz dot Jauna, gudari indartsu.
Honan berba egin eban Jeremiasek:
«Jentearen mehatxuak entzuten ditut,
bildur-ikara edonon:
"Salatu, salatu dagigun".
Adiskideak eurak ere begira ditut,
nik noiz huts egingo:
"Ea engainatzen dogun dinoe;
orduan menperatuko dogu
eta mendekatuko gara haretaz".
Baina neugaz dot Jauna, gudari indartsu;
jausiko dira nire arerioak,
ezin izango nabe garaitu;
hareen asmoek porrot egingo dabe,
hareen lotsea sekulakoa izango da,
ahaztu ezina betiko.
Jaun ahalguztiduna, zuzen aztertzen dozuna,
gizakiaren buru-bihotzak ikusten dozuzana,
zure esku itzi dot neure auzia:
ikusiko ahal dot zure mendekua arerioen bizkar!
Kanta Jaunari, goraldu egizue Jauna,
Harek askatu dau-eta gaiztoen eskutik behartsuaren bizia».
R/ Nire larrialdian Jaunari egin neutsan dei, eta entzun ninduan.
Maite zaitut Jauna, nire indar,
Jauna, nire harkaitz, gaztelu eta salbatzaile.
Zugana batzen naz, harkaitz zaitudan Jainko,
nire babes, salbamen-indar, nire gordeleku.
Egiten deutsat dei Jaun goresgarriari,
eta salbau naiteke arerioakandik.R/.
Heriotz-olatuek inguratu ninduen,
erreka hondatzaileek ikaratu ninduen.
Leizako sokek korapilatu ninduen,
heriotz-edeek lotu ninduen.R/.
Nire larrialdian Jaunari egin neutsan dei,
neure Jainkoari deadar egin;
eta bere etxetik entzun eban nire berbea,
eta belarrietara sartu jakon nire orroa.R/.
Atxilotu egin gura izan eben, baina ihes egin eutsen eskuetatik.
Aldi haretan, juduek barriro harriak hartu ebezan Jesusi harrika egiteko. Jesusek esan eutsen: «Egintza onik asko egin dot zuen aurrean Aitaren izenean; horreetako zeinegaitik egin gura deustazue harrika?»
Erantzun eutsoen: «Ez zaitugu egintza onak egiteagaitik harrikatu gura, birao egiteagaitik baino; gizaki izanik, zeure burua Jainko egiten dozulako».
Jesusek erantzun eutsen: «Ez al dago idatzirik zuen Liburu Santuan: "Nik esan dot: jainko zaree?" Beraz, Jainkoak "jainko" esaten deutse bere berbea zuzendu eutsenei, eta Liburu Santuak esana ukaezina da. Zelan dinozue, bada, Nik, Aitak sagaratu eta mundura bialdu nauan honek, birao egiten dodala, Jainkoaren seme nazala esateagaitik? Nire Aitaren egintzak egiten ez baditut, ez sinestu Niri; baina egiten baldin baditut, Niri sinesten ez badeustazue ere, sinestu egintzei. Holan, behin betiko jakingo dozue Aita Nigan dagoala eta Ni Aitagan».
Barriro ere atxilotu egin gura izan eben, baina ihes egin eutsen eskuetatik.
Barriro Jordanez beste aldera joan zan Jesus, sasoi batean Joanek bateatzen jardun eban lekura. Han gelditu zan aldi batez, eta jente asko joaten jakon. Honan inoen: «Joanek ez eban ezaugarririk bat ere egin, baina Honetaz esan eban guztia egia zan». Eta han askok sinestu eban Jesusegan.
Liburu honen irakurgai guztiak lezionarioan: Joan →